Kawabata eta Mahfuz-en lanak euskaratu dituzte
Elkar eta Alberdania argitaletxeek Literatura Unibertsala Bilduman bi libururen berri eman zuten atzo, Gasteizko fakultatean. Nobel sarien bi irabazlerenak, alegia. Yasunari Kawabataren «Loti ederrak» japonieratik euskarara ekarri du Ibon Uribarrik, eta Nagib Mahfuz egiptoarraren «Mirarien kalezuloa» itzuli du Patxi Zubizarretak.
GASTEIZ
Ibon Uribarrik eta Patxi Zubizarretak literatura unibertsaleko bi lan ekarri berri dituzte euskarara. Bi Nobel saridunen eleberriak aurkeztu zituzten atzo, Gasteizen, Alberdania eta Elkar argitaletxeen eskutik. Yasunari Kawabata (Nobel saria 1968) japoniarraren “Loti ederrak” eleberria Ibon Uribarrik itzuli du; eta Patxi Zubizarretak, berriz, Nagib Mahfuz (Nobel saria 1988) egiptoarraren “Mirarien kalezuloa” liburua euskaratu du. Ibon Uribarri Filosofian doktore eta itzulpengintzako irakasleak japonieratik zuzenean euskaratu du Kawabataren (1899-1972) erotismoz beteriko lan arrakastatsua. «Japoniera zaharrean idatzita dagoen lana da, eta estiloan musikalitatea sumatzen da», nabarmendu zuen. Baina, bestetik, itzulpena egitean Uribarrik zenbait arazo nabaritu ditu. «Batetik, Kanomajiri idazkeran idatzia dago, hau da, japonierazko hiru estilo ezberdinak erabiltzen dituen sisteman azaldu zuen itzultzaileak. Bestetik, Japonian hizkerak oso lotura zuzena dauka kultura kontuekin. Adibidez, esaldiak esan dezake emakumea altxatu zela baina aurretik ez digu esan makurtua zegoenik. Jakin behar dugu emakumeak Japonian egongelara sartu eta eseri egiten direla». Gai- ari dagokionez, Uribarrik hau esan zuen: «Kawabatak agure bat eta neskatxak ditu protagonistatzat. Egoera morbosoa lantzen du, eta gizonen ikuspegitik idazten du batik bat. Horregatik, Japonian emakumeen artean Kawabataren literaturak ez du oso harrera ona». “Loti ederrak” izena jarri dio Ibon Uribarri irakasleak lanari, eta japonierazko itzulpen fidela egin du.
Zubizarretaren gakoa
J.V.M.
GASTEIZ Patxi Zubizarreta idazleak itzuli du Nagib Mahfuz (Kairo, 1911-2006) Nobel saridunaren “Mirarien kalezuloa” lana, baina arabieratik euskaratu beharrean, frantsesetik egin du. «Arabiera ez dakidan arren, frantsesezko itzulpenak adierazten du arabierazko esaldiak oso luzeak direla», esan zuen Zubizarretak liburuaren estiloari buruz. Baina arabierazko literaturatik benetan «hitzen bitartez jositako begiradek» liluratu dute Zubizarreta. «Usain eta koloreei antzematen zaie. Sentsualitatez beteriko lana da; ez zuri-beltzekoa», esan zuen. Bukatzeko, itzulpengintza «etena apurtzeko gakoa» dela adierazi zuen behin eta beriz.
|