TOKYO
Bigarren Mundu Gerraz geroztik lehen aldiz izango du Japoniak Defentsa Ministerioa, Parlamentuak atzo onartutako legearen arabera. Defentsa Agentziatik Ministeriorako urratsak garrantzi handia izango du, arlo militarrak indartuko baitu Gobernua. Ministerio berriak legeak egiteko gaitasuna eta aurrekontu propioaizango ditu. Urrun gelditu da, hortaz, XX. mendearen bigarren erdian Japoniak izan duen izaera bakezalea.
Shinzo Abe lehen ministroak oso garbi esan zuen, duela hiru hilabete agintea hartu zuenean, Japoniaren presentzia militarra areagotu nahi zuela munduan. Ez da, ostera, hutsetik abiatu, Junichiro Koizumi aurreko lehen ministroak bidea ederto zabaldu baitzion.
Bigarren Mundu Gerran Japonia galtzaileen artean zegoen eta Ameriketako Estatu Batuek (AEB) lurraldearen kontrola hartu zuten. Washingtonek gaur egun Japonian indarrean dagoen Konstituzio «bakezalea» egin zion. Horren arabera, Japoniako Armada bere burua defendatzeko soilik erabil zezakeen. Ezin zien, beraz, beste herrialdeei erasorik egin. Horrela, AEBen laguntza militarra- ren menpe gelditu zen. Hurrengo hamarkadetan hori aldatzeko aukera aipatzea tabua zen, baina Koizumik ateak zabaldu zizkion militarismoari.
Horrela, eta legearen zirrikituez baliatuta, Japoniak soldaduak igorri zituen Irakera eta Afganistanera, hori bai, misio bakezaleetan parte hartzera. Shinzo Abek, baina, AEBen lokarrietatik guztiz askatu nahi du eta herrialde horietan dituen soldaduek besteen moduan gerran parte hartzeko pausoa eman du.
Hezkuntza Lege polemikoa
Horretaz gain, Hezkuntza Legea aldatzeko Gobernuaren egitasmoa ere onartu zuen Parlamentuak. Lege berriaren arabera, irakasleek abertzaletasuna bultzatu beharko dute ikasgeletan. Oposizioko alderdiek Shinzo Aberen kontrako zentsura-mozioa aurkeztu zuten erreforma polemikoaren bozketa geldiarazteko asmoz, baina lehen ministroaren alderdiak gehiengo osoa du Parlamentuko ganbera bietan.
Mugimenduok lehen ministroa herritarren sostengua galtzen ari denean egin ditu Gobernuak. Ipar Koreak udazkenean proba nuklearrak egin zituenean, arma nuklearrak edukitzeko aukera aipatu zuen Abek, eta horrek herrialdearen barruan ere kontrako iritziak eragin zituen.Halaber, Japoniako inguruko estatuek ez dute albistea begi onez ikusi. XX. mendearen lehen erdian Japoniako Armadak eskualdean egin zituen sarraskiak berriro gertatuko diren beldur dira. Asiako bizilagunek ez dute ahaztu Japoniak euren herriak abertzaletasunaren izenean zapaldu zituela.