EHBEren Nazio Mintegietan parte hartzeko hainbat eragileren deia
DONOSTIA
Sortzen Ikasbatuaz-ek, Ikasle Abertzaleek, LAB sindikatuak, Euskal Herriko Bilgune Feministak, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak eta Hik Hasiko hainbat kidek deia luzatu diete hezkuntza komunitatea osatzen duten ikasle, hezkuntzako langile zein guraso eta herritarrei Euskal Herriak Bere Eskola taldea egiten ari den III. Nazio Mintegietan parte har dezaten.
Euskal Herriak Bere Eskola duela bost urte sortu zen Hezkuntza Sistema Nazionalaren aldeko mugimendua indartu eta, ekarpen propioak eginez, bide horretan kokatzen diren egitasmo askotarikoei bultzada emateko asmoz.
«Urratsak egin ahala, garaia iritsi da hausnarketa integral bati ekin eta Euskal Herriko hezkuntza esparruak izaniko garapena zein herritarren artean dauden eskaera berriak kontuan hartuz, etorkizun hurbilari begirako erronkak zehazteko», adierazi du EHBEk. Hartara, bide horretan eta asmo horiei jarraituz, aurtengo ikasturtean martxan diren III. Nazio Mintegiak «aukera ezin hobea» direla nabarmendu du talde horrek eta mintegi horietan parte hartzeko deia luzatu dio euskal gizarteari.
|