Gizarte Etxebizitzaren Premiazko Plana, aurrera
BAIONA
Bigarren urtez, Ipar Euskal Herrian gizarte-etxebizitzak eraikitzeko aurrez ikusitako kopurua bete da. Duela hiru urte, Etxebizitzaren Premiazko Plana abian jarri zuten eskualdeko etxebizitza sozialen kopurua legeak ezartzen zuen baino askoz txikiagoa zelako.
Estatu frantsesak, CABABk (Baiona, Angelu eta Biarrizko hiri elkargoa) eta Pirinio Atlantikoetako departamenduak sinatu planean, lau urtean 2.000 etxebizitza sozial egitea zen helburua. Aurten, 500 etxebizitza egitea zen xedea, eta bete egin da; 751 etxebizitza egin baitituzte. Etxebizitza sozialen eraikuntzaren kopurua hazten doa azken urteotan: 2005ean 504 etxebizitza egin zituzten, eta 2007rako 920 egiteko egitasmoak aurrera doaz. Hala, lau urteko aurreikuspenak urtebete lehenago betetzeko asmoa dute.
Etxebizitza sozial gehien egin dituen hiria Angelu izan da aurten, 215 etxe; Hendaia izan da bigarren, 98 etxebizitza, eta hirugarrena Baiona 83 bizitegi egin bititu.
Azken urteotan egindako lanak argi erakusten du ordura arte izan zen gabezia. 1999 eta 2002 urteen artean urtero Ipar Euskal Herri osoan 140 gizarte-etxebizitza egin zituzten batez beste.
Alokairuan bost urtez izan ondoren etxearen jabetza izatera ailegatzea proposatzen duten lehen programak martxan jarri dituzte, eta arrakasta handia izaten ari dira.
|