- Sokatira
Arrigorriagan amaituko da Launakako Euskal Herrikoa
DONOSTIA
Euskal Herriko Launakako Txapelketari heldu zaio amaitzeko ordua, eta Arrigorriagan jokatuko dute azkeneko saioa gaur 17.00etan. Bertan, mutilen 290 kiloko eta nesken 240 kiloko txapelak erabakiko dira.
Mutiletan, honako sei talde hauek lortu dute finala jokatzeko txartela: Abadiño A, Abadiño B, Gatika, Kuartango, Auzolan eta Sokarri. Abadiño A taldea izango da garaipena eskuratzeko faborito nagusia. Jadanik txapel bat lortu du, eta bigarrengorako ere zaila izango da beste inork kentzea. Auzolan agertzen da hor aurkaririk handienetakoa Sokarrirekin batera, baina ez du lan samurra izango.
Nesketan, honako talde hauek izango dira: Gaztedi A, Gaztedi B eta Girizia. Nesketan hiru talde bakarrik aritu direnez, hiru jardunalditako ligaxka jokatu dute, eta gaurkoa izango da azkenekoa. Gaztedi A taldea dago lehen postuan 5,5 punturekin, eta Gaztedi B bigarren 4,5ekin. Giriziak bi ditu. Garbi dago txapela Gaztedik eramango duela.
|