Berdintasun plana idatziko duen mahaia osatu dute
IRUÑEA
Nafarroako Gizon eta Emakumeen arteko berdintasunerako lehen plana idatzi eta abian jarriko duen mahaia osatu zuten atzo Iruñean. Plan hori 2006 eta 2010 urte bitartean garatuko dela aurrez ikusi dute, eta bi erakunde izango ditu bultzatu eta jarraipena egiteko: Zuzendaritza Kontseilua eta, Sailen arteko eta Erakundeen arteko Mahai Teknikoa. Atzo bertan osatutako mahaiak Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekin batera plan nagusiaren barruan urte bakoitzean garatu beharreko ekimenak egiteko ardura izango du. Halaber, Nafarroako Gobernuko sailek abian jarriko dituzten berdintasunerako ekimenak bultzatu, koordinatu eta aztertzeaz arduratuko da. Mahai horren osaera askotarikoa da: Gobernuko sail bakoitzeko bina ordezkarik zuzendaritza eta arlo teknikoetako zereginetan parte hartzeko eskumena dutenak, Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioak izendatutako bi pertsonak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak izendaturiko beste bik osatzen dute.
Berdintasunerako Institutua
Orain arte Nafarroako Emakumearen Institutua izan denari izena aldatu diotela ere jakinarazi zuten atzo. Hemendik aurrera Nafarroako Gizon eta Emakumeen arteko Berdintasunerako Institutua izango da, Nafarroako Gobernuak adierazpen batean adierazi zuenez, «berdintasunerako politikak» kudeatzen baititu erakunde horrek, baina horietako askoren hartzaileak emakumezkoak diren arren, gizonezkoen parte-hartzea ere ezinbestekoa da».Azkenik, bertako zuzendari izaten jarraitzen duen Teresa Aranaz kategoriaz igoko dutela zuzendari gerente izango da hemendik aurrera ere jakinarazi zuten, hori baitzen Gobernuko erakunde autonomo bakarra zerbitzuetako zuzendari batek gidatua.
|