DONIBANE LOHIZUNE
«Prozesu demokratikoaren alde eta Udalbiltzaren berrantolaketaren bidean, ekin diezaiogun elkarlanari» ideiaren pean, bihar egingo duen Batzar Nagusira joateko deia egin die Udalbiltzak Euskal Herri osoko udal hautetsi orori. Batzarra 9.30ean abiatuko da Donibane Lohizuneko Rex zineman. Bertan, ikasturteko balantze orokorraz, aurtengo ikasturtean garatu beharreko plangintza estrategikoaz eta euskal herritarren eskubideak bermatzeko martxan jarriko duten proposamenaz arituko dira eztabaidan. Batzarrean bertan ere erakunde nazionaleko batzorde eragilea hautatuko dute.
Batzarraren xede nagusia Udalbiltza prozesu demokratikoaren aldeko eragile aktiboa bilakatzea izango da. Horretarako, euskal herritarren eskubideak bermatzeko abian jarriko duten prozedura zein izango den jakinaraziko dute bihar. Beste alde batetik, «Euskal Herriak bere burua instituzionalki antolatzeko duen es- kubidea garatzeko» Udalbiltza erakunde nazionala bilaka dadin abian jarri beharko den estrategia erabakiko dutela nabarmendu dute atzo igorritako prentsa adierazpenean.
Udalbiltzak biharko batzarra garrantzitsua dela nabarmendu du, eta ikasturte honetan euskal herritar guztiek udal hautetsiak oso epe antzekoan hautako dituztela adierazi du.