Konsigna berria irmotasuna da. Indarra agertzea da Moncloak zabaldutako agindua, eta zerbitzari guziak lasterka hasi dira jabearen nahiak betetzen. Rodriguez Zapaterok ez omen du sobera ongi menderatzen erabili beharreko hiztegi politikoa (istripuak, atentatuak...) baina argiak dira bere irizpideak: eskenifikatu behar da espainiar Gobernuak itxitzat jotzen duela prozesua. Hitzetan nabarmendu nahi dute, eta erasotzeko borondatea adieraziko dute hurrengo egunetan, ziurrenik, horrela baitio idatzi duten gidoiak. Egia da datu guziak ez doazela bide beretik, baina jende aurrean irudi hori eman nahi dute, eta emanen dute, ikusiko duzue.
Irmotasunaren mikrobioa barreiatzen da eta kutsaduraren sintomak nonahi kausitzen ahal dira. Orain Bambi posea tokiz kanpo dago. Debekatuta dago «expektatiba» hitza erabiltzea. Ibarretxek ere erakutsi ditu hortzak, edo horrela sinestarazi nahi digu, bederen. Egin dituzten kalkuluen arabera, horrela mezu zorrotza helaraziko zaio ezker abertzaleari, itxaropena gal dezan. “El País”ek (Jainkoaren hitza!) esan du elkarrekin ari direla EAJ eta espainiar Gobernua ezker abertzalea presionatu eta bakartu nahi-an. Ez genuen PRISAkoen pistarik behar horretaz jabetzeko, baina ongi dado aitorpena, Imazen alderdia noraino erori den antzemateko laguntzen baitute. Eraso joerak nagusitzen dira, eta gerla psikologikoa indartu dute nabarmenki. Ekaitza datorrela jakinarazi nahi digute. Esaten dute soldaduek garrasi egiten dutela etsaiak beldurtzeko. Garrasika datozkigu oraingoan, izua guregana dezagun.
Ez gara atzo sortu, alta. Jakin badakigu izugarriak direla estatuen errepresio tresnak. Min egiten dutela, sufrimendu aztarna uzten dutela ukitzen dituzten eremuetan. Baina ergelenak ere jakin beharko luke alferrikakoak direla saio horiek ezker abertzalearen determinazio politikoa aldarazteko.
Indarra erakutsi nahi digute, baina haiena ahuleziaren aurpegia da. Penagarria da Rubalcaba eta Zapatero belauniko eskuin muturraren eta komunikabideen aginduak betetzen ikustea. Patetikoa da Ibarretxeren portaera, ezker abertzalearen aitzin irmotasun irudia eman nahian bere alderdiak eta PSOEk emandako aginduak beteaz manifestazioaren leloa aldatu ondotik. Jarrera bortitzak agertuz ahulezia erakusten digute. Okertzen ari dira, berriz ere. -