GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2007-01-13
Hamaika Bertuteren jabe dira bertsolari gazteak
Hamaika bertuteren jabe badirela erakutsi nahi dute bertsolari gazteek. Hori dela-eta, elkarte moduko bat sortu eta, hain zuzen, Hamaika Bertute izenarekin bataiatu dute. Gaur aurkeztuko dute, egun osoan Donostiako Parte Zaharrean egingo duten bertso festan. Ekimen berri horren nondik norakoaz mintzatu dira Unai Muñoa eta Amaia Agirre. «Plaza beharrean gauden bertsolariontzako aukera da hau, baina baita gizarteari egiten diogun kultur eskaintza ere», nabarmendu dute.

DONOSTIA

Gero eta bertsolari gazte gehiago daude; batzuk maila handikoak, gainera. Gehientsuenek plazetan kantatzeko aukera gutxi dute, ordea. Horrek azkenaldion Bertsozale Elkarteko buletinean bertan behin baino gehiagotan islatu den kezka sortu du. Eta kezka horren azpian dagoen arazoa konpontzea edo, behintzat, arintzea helburu, bertsolari gazte talde batek hausnarketa antolatuari ekin zion iazko apirilaren 2an, Elizondon, Nafarroako Txapelketako finalaren aitzakian egin zuten bilera-bazkari batean. Azken hilabeteotan Zarautzen, Lasarten, Mallabian eta beste hainbat herritan egindako bileretan mamitu da hausnarketa, eta horren fruitua da gaur bertan Parte Zaharrean aurkeztuko duten Hamaika Bertute.

«Plaza beharrean gauden bertsolariontzako aukera da Hamaika Bertute, baina baita gizarteari egiten diogun kultur eskaintza ere», nabarmendu dute Unai Muñoak eta Amaia Agirrek, GARArekin ekimenari buruz hitz egiten aritu direnek.

«Guk ­adierazi du Muñoak­ ez dugu bertsotatik bizitzeko asmorik; ez da hori gure helburua, behintzat. Jendaurrean kantatzeko gogotsu gaude, ordea». Eta arestian aipatutako eskaintza zertan den zehazten hasi da: «Herri honetan badira oso baliabide urriekin lan egiten duten talde eta pertsonak, esaterako, gazte asanbladak, hainbat kultur elkarte edota auzoko jaiak eta jai alternatiboak antolatzen dituztenak. Gure eskaintza gehienbat horiei zuzenduta dago».

Funtzionamendu modua honakoa izango da: bertso-afari, bertso-saio, omenaldi edo dena delakoa antolatu nahi duten pertsona edo taldeek 692715744 telefonora deitu beharko dute, eta Hamaika Bertutetik eskatu bezainbeste bertsolari bidaliko dituzte. «Antolatzaileek ­berriro Unai Muñoak­ bertsolari bakoitzeko 25 euroko dieta beren gain hartu beharko dute, bidaia ordaintzeko adina, alegia; eta, horrez gain, bertako gastuak, hau da, bertso-afaria baldin bada, afaria; bertso-poteoa baldin bada, tragoak».

Egun, hogeita hamasei dira Hamaika Bertuten izena eman duten bertsolariak. Amaia Agirre, Miren Artetxe, Oihana Bartra, Estitxu Eizagirre, Iñaki Gurrutxaga, Iñigo Manzisidor “Mantxi”, Alaia Martin, Jon Martin, Andoni Otamendi edota Jokin Uranga dira horietatik batzuk. Bertsolari eske deitzen duten antolatzaileek zein nahiago duten esan ahal izango dute, baina aukeratu, Hamaika Bertutek berak aukeratuko du, eskatutako egunerako libre direnen artean eta betiere egin duten plaza kopurua kontuan hartuta. «Horrela egin ezean, beti bertsolari berberak aritzeko arriskua dago. Izan ere, gure zerrendan oso izen ‘politak’ daude. Hori gure filosofiaren kaltetan litzateke, gure filosofia plazak ugaltzea eta denon artean banatzea baita», ohartarazi du Muñoak.

Plazak sortu eta banatu

Amaia Agirrerena da, ezbairik gabe, Hamaika Bertuteko zerrendan dauden izen «polit» horietako bat. Batez ere azken Txapelketa Nagusian oso urrutira iritsi zenez geroztik, saio dezente egiten ditu, baita Egaña, Lujanbio eta punta-puntakoenekin ere. Ez dio horregatik Hamaika Bertuten izena emateari uko egin. «Izena eman dut proiektuaren filosofiarekin guztiz bat natorrelako ­adierazi du­. Nik zirkuitu nagusian hainbat saio egiteko zortea dut, baina batek ez du bestea kentzen. Esaterako, Hamaika Bertuteri esker nire belaunaldiko bertsolariekin, nire betiko bertso-lagunekin, kantatzeko aukera izango dut».

Agirrek berak azaldu du ekimen berriaren izenaren eta logoaren nondik norakoa. «Hizketan, gutxitan erabiltzen dugu ‘bertute’ hitza. Bertsotan, berriz, -ute errima aberatsenetakoa ez delako, ‘hamaika bertute’ esaldia behin eta berriz erabiltzen direnetako bat da, komodin edo betelan gisa. Guk ez dugu bertsotan betelanik egin nahi, baina Hamaika Bertute ekimena bertsogintzan hutsune bat betetzera datorrela ezin uka. Bestalde, izen hori gure autoestimurako ona da. Sinistuta gaude bertsolari gazteok hamaika bertute ditugula, eta erakusteko prest gaude».

Logoa, berriz, dozenarako bat falta duen arrautza kaxa da. Hain zuzen, falta duen arrautza horren lekua da Hamaika Bertutek bete nahi duena. «Arrautza fresko-freskoa da gurea», nabarmendu du Agirrek.



Ekimen osagarria da, ez ordezkatzailea
M.A.
DONOSTIA

Bertsozale bati baino gehiagori galdera hitzetik hortzera bururatuko zaie: Hamaika Bertute zer da? Bertsozale Elkarteko adar bat? Bertsozale Elkarte alternatibo bat? «Ez bata, ez bestea», argitu dute Unai Muñoak eta Amaia Agirrek, lehen mementotik beretik dudak uxatu nahian.

«Hamaika Bertute ­esan du Muñoak­ ez da Elkarteko adar bat, bertsolarien arteko autoeraketa dinamika baten ondorioz sortu dugulako. Hori bai, Elkartearekin oso harreman ona dugu. Gutako asko Elkarteko eguneroko zereginetan ari gara, eta, adibidez, Gipuzkoako Zuzendaritzak Elkarteko baliabide guztiak gure esku jartzen dituela esan digu. Beraz, harreman on naturala dugu, baina ez lotura organikorik».

«Elkarteak ­gehitu du Agirrek­ bitartekaritza zerbitzu bat dauka, Lanku, eta baten batek Hamaika Bertutek Lankuren ordezko edo alternatiba izan nahi ote duen kezka izan dezake. Lasai egon daiteke, gutako gehienok Lankun izena emanda gaude-eta. Hamaika Bertutek gehienbat zirkuitu berriak jorratu beharko ditu».

Izan ere, plaza berriak, publiko berriak nahi ditu Hamaika Bertutek. Lortzen baldin baditu, bertsogintza osoaren onerako lortuko ditu. «Beraz ­Agirreren leku- koa hartu du Muñoak­, Hamaika Bertute ez da Elkartearen ordezkatzaile, osagarri baizik. Are gehiago, momentuz, kantatu nahi dugu eta eskaintza hau egiten dugu, baina, etorkizunari begira, eskoletatik-eta gero eta bertsolari gehiago datozela kontuan izanik, Hamaika Bertute bertsolari horiek plazaratzeko bide egokia izan daitekeela uste dugu. Hots, txipa etorkizunari begira ere jarrita daukagu».

36 dira orain arte Hamaika Bertuteko bertsolariak, baina izena eman nahi duten guztiei zabalik daude ateak. Informazio gehiago, www. hamaikabertute.net webgunean eta hamaikabertutegmail.com helbidean

Gaurko plana

Aurkezpen festa 11.00etan hasiko da, Trinitate plazan. Ezer baino lehen, talde-argazkia egingo dute eta, ondoren, hamaiketakoa banatuko diete bertaratzen diren guztiei. Bertso musikatuak kantatuko dituzte segidan eta, hortik aurrera, bertso triki-poteoa egingo dute Parte Zaharrean barrena. 14.30ean, bertso-bazkaria Suhazi jatetxean. Ondoren, bertso triki-poteoak jarraituko du. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Miles de jóvenes salen a la calle en apoyo a Segi
Ekonomia
«LAB tiene que ser el contrapoder de hoy y la alternativa de mañana», afirma Rafa Díez
Kultura
Hamaika Bertuteren jabe dira bertsolari gazteak
Euskal Herria
Evasivas policiales sobre la emboscada de Pasaia
Euskal Herria
Batasuna considera «un fraude» la nueva convocatoria de Ibarretxe
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss