- Athletic
Boladari eutsi nahiko diote zuri-gorriek eta etsaiaren krisia are gehiago handitu
·Athletic gorantz doan heinean, Vila-realek azken lau partidak galdu ditu
BILBO
Egoera oso ezberdinean dauden bi talde izango dira
igandean aurrez aurre San Mamesen. Vila-realek lau partida galdu ditu jarraian
azken asteetan azkena Kopan, Bigarren Mailako Valladoliden kontra eta
Athleticek, aldiz, hamar puntu lortu ditu Ligako azken lau jardunaldietan.
Igandeko norgehiagoka irabaziz gero, zurigorriek
etsaiari puntu bakarra kenduko liokete sailkapenean, oraindik behera begira bizi
baitira gaur egun.
Ildo horretan, Andoni Iraolak ekarri zuen atzo gogora
mailaz jaisteko postuetatik bi puntura besterik ez dagoela oraindik Athletic.
«Azkenaldian emaitza onak izan ditugun arren, behetik irtetea zenbat kostatzen
den ikusten ari gara esan zuen. Denboraldiaren lehen itzulia amaitzear
dago eta etxean garaipen bakarra lortu dugu, eta hori oso emaitza pobrea da
oraindik». Gipuzkoarrak, halere, taldeak «ideiak orain nahiko argi» dituela uste
du, baita «jokatzeko era aldatu» duela ere. «Zuzenago jokatzen dugu, eta jauziei
eta bigarren jokaldiei garrantzi handiagoa ematen diegu. Halere, partidak
erabakitzeko lasaitasuna falta zaigu oraindik, baina hori konfiantzarekin batera
helduko da».
Iraolak, hala ere, Vila-realen aurkako partida irabaztea
espero du, Pellegriniren taldeak «oso jokalari onak» dituela uste duen arren.
Partida horretarako, bestetik, baliteke Fran Yeste
jokatzeko prest egotea. Basauriarrak gripea izan du, baina hobera egin du eta
atzo taldearekin batera egin zuen lan. Javi Casasek, aldiz, sukarrarekin
jarraitzen du amigdalitisaren ondorioz, eta badirudi ez dela jokatzeko prest
egongo. Gauzak horrela, litekeena da Fernando Amorebietak jokatzea ezker
hegalean, mementoz ez dirudi-eta Manek Iban Zubiaurre deituko duenik.
Entrenatzaileak azken saioa zuzenduko du gaur Faduran,
arratsaldeko bostetatik aurrera eta ateak itxita.
Oharrak
Pablo Orbaiz ospitalean dago berriro
ere
Pablo Orbaiz Gasteizko USP La Esperanza erietxera joan
zen atzo, eskuin belaunean sortu zaion zornadura sendatzeko. Bertan geratuko da
jokalaria astelehenera arte baina, printzipioz behintzat, datorren astean
sendatze prozesuari ekingo dio Orbaizek, aurretik ezarritako epeak beteta.
Hitzarmena Athletic eta
Sestao River-en artean
Athleticek Bizkaiko futbolarekin duen lankidetza sarea
mantentzen eta handitzen jarraitzen du beti bezala. Gauzak horrela, urtarrilaren
17an, datorren asteazkenean, talde zurigorriak eta Bigarren B mailan dagoen
Sestao River taldeak lankidetza hitzarmena sinatuko dute
Ibaiganen.
|