- Hondarribia
Rivasen aurka ekingo dio Ligako bigarren itzuliari
DONOSTIA
Urte amaierako geldialdia pasatu ondoren, Hondarribia-Irunek Rivas Futuraren kontra ekingo dio, arratsaldeko zazpietatik aurrera, Emakumeen Ligako bigarren itzuliari.Sofiako CSKAren aurka ostegunean jokatutako partida gorabeheratsuaren ostean, Gipuzkoako taldeak sailkapenean duen laugarren lekuari eutsi nahi dio ligako aurtengo sorpresaren kontra. Astean hainbat buruhauste pasatu ostean, hutsunerik gabe iritsiko dira gaur arratsaldeko partidara Jon Txakartegirenak.
Ligako sorpresa
Rivas Futurari buruz, berriz, mailaz igo berria da Madrilgo taldea, baina diru inbertsio handia bitarteko, talentu handiko jokalariak fitxatu ditu, Shameka Christon estatubatuarra, Rankica Sarenac pibota edo Elsa Donaire hegaleko espainiarra, esaterako. Alabaina, zenbait jokalari falta zaizkie madrildarrei. Horietan garrantzitsuena Helen Luz antolatzaile brasildarra da, ezbairik gabe, Rivas Futurari behar duen patxada ematen diona. Horiek hala, Rivasek azken orduko fitxatze bat egin berri du. WNBAko izar Becky Hammon antolatzailea, hain zuzen; azken zazpi denboraldietan New York Liberty taldean jokatzen izan dena.
|