- Ziklo-krosa
Bizikleta gainean ibiltzea «nahikoa» du Nekane Lasak
·Abuztuko erorikoa gaindituta, «martxan» eta ilusioz beterik dago
BILBO
Nekane Lasak ez du gaur Espainiako Txapelketa irabaziko, eta podiumean ere ez da izango. Ez da 2004an bezala gailenduko, inondik inora, baina pozik amaituko du lasterketa Zumarragako 24 urteko txirrindulariak. Izan ere, abuztuaren 7an bizikletatik erori zen Estatu frantsesean, eta aurpegia erabat apurtu zuen. Oraindik ondorioak nabariak dira, eta eskumuturrean ebakuntza egingo diote. Pixkanaka, burua altxatu du, eta aurrerapauso nabarmenak eman ditu egunetik egunera. Hain zuzen, horri ematen dio garrantzi handiena, ez garaipenak lortzeari. Bi hilabete eman zituen errepidera atera gabe; azken asteetan, berriz, «normaltasunari» heldu nahi dio, martxoan arin lehiatzeko Bizkaia-Panda taldean. Hainbat urte Debabarrena taldean emanak ditu. Horregatik, «helburu berezirik gabe» hartuko du parte gaur Alcobendasen. «Espainiako Txapelketa lasterketa bat gehiago besterik ez da izango. Aurten ez nuen pentsatzen lehiatzea, ezta bizikletan ibiltzea ere. Izan ere, espero nuen baino askoz lehenago hasi nintzen entrenatzen. Hau da, momentua bizitzen ari naiz, eta Espainiako Txapelketa beste bat izango da», esan du. Guztira, lau lasterketa baino ez ditu korritu, Igorren, Aizarnazabalen, Elorrion eta Muxikan. «Igorren oso gustura lehiatu nintzen. Egia esan, proba gisa hartu nuen; apenas ibili gabe lehiatu nintzen. Mendiko bizikletan bakarrik aritua nintzen asteburuetan. Ez nekien bukatuko nuen edo itzuli bat bakarrik egingo nuen; besteei kasu egin gabe bukatu nuen eta espero baino hobeto ikusi nuen neure burua». Hobekuntza nabarmena izan du edonola ere, «espero baino askoz hobeto» baitago. «Dena den, oraindik errekuperatzen nabil, eta eskumuturreko ebakuntzaren zain nago. Horretaz aparte, martxan hasia naiz». Ezbairik gabe, pozik da, «nahikoa» du probetan lehiatzea. «Gustura» dagoela baieztatu du. «Pixkanaka etorriko dira emaitzak», adierazi du. Abuztuan erori zen; beraz, lau hilabete eman zituen lehiatu gabe, Igorren berragertu arte. Itzalean. Hilabete zailak izan direla pentsatzekoa da, baina, ustekabean, Lasak berak ezeztatu du hori. «Erori nintzen egun horretan egoera hain gaizki ikusi nuen, hortik aurrerako gauza guztiak onak izan direla uste dut. Alde batetik, gogorra izan da, noski, baina aurrerapausoak eman ahala, ni ere oso pozik nago», azaldu du.
«Aurpegia puskatuta»
Frantziako Errepideko itzulian erori, eta aurpegia erabat puskatu zuen. Hala nola, beheko matraila hiru zatitan apurtu zitzaion eta goikoa erori. Sudurra hautsi zuen, baita barruko aho sabaia ere. Bestetik, eskuineko eskumuturreko bost zainak puskatu zitzaizkion. Gainera, odol asko galdu zuen.Hori dela-eta, indarberritzeko asteak eman ditu Lasak, bere burua hobeto ikusten emeki-emeki. Bi hilabete pasatu ziren bizikleta gainean jarri zen arte. «Bueltatxo bat ematera atera nintzen kaleko arroparekin, besterik ez. Hortik aurrera, asteburuetan noizbehinka ateratzen hasi nintzen», azaldu du. «Gogoak eta indarrak» berriro ere eskuratu bezain laster lehiatu zen Igorreko lasterketan, eta azken hilabetean hobekuntza nabarmena izan du. «Azken bi asteetan kilometroak egiten ari naiz, eta egoera normalera hurbiltzen. Orain arte, entrenamendu xumeak egiten nituen, eta nekea nabaritzen nuen berehala. Orain, berriz, nahiko ondo nabil», esan du.
|