Ricardo ALBERDI | Puntista
«Debuteko egunean berandu iritsi eta sekulako errieta egin zidaten»
Bizitzen ari den uneak bereziak dira eta hori oso ongi daki Alberdi I.ak. Euskal Herriko zaleei agur esan ondoren, Estatu Batuetan jokatuko ditu bere ibilbide luzeko azken neurketak. Begirada, ordea, etorkizunean jarria dauka aurrelari txikiak.
Zer moduz joan zen Durangon jokatutako agurreko partida?
Une oso politak izan ziren eta emozioz betetakoak. Aurreko egunetan urduritasun pixka bat ere sentitu nuen: dei asko, elkarrizketakŠ Baina eguna oso polita izan zen. Zorionez afizio fidela daukat. Familiako jende asko bertan izan zen eta pilotari ohi asko ere joan ziren. Kontuan hartu behar da larunbatean beste lau jaialdi gutxienez bazeudela, baina hala ere, sekulako giroa egon zen Durangon.
Eta agurra biribiltzeko, orain AEBetara zoaz.
Aitor Totorikaren eta Eusko Basque enpresaren sari bat izan dela esango nuke. Berak oso harreman onak ditu Orlandoko eta Daniako frontoiekin eta nik han jokatzeko gestioak egin ditu. Orlandon, urtero jokatzen den Citrus Torneoa jokatuko dugu Felix eta biok. Danian, han bost urtez jokatu genuenez eta tituluren bat ere irabazi genuenez, kiniela pare bat jokatzeko aukera eman digute. Uste dut, gainera, omenalditxo bat ere prestatu digutela.
Zenbat denbora da AEBetara joan ez zarela?
Lau edo bost urte, gutxi gorabehera. Ilusio itzela egin digu bertara gonbidatzeak, ez baikenuen horrelako ezer espero. Lehiaketaren bat jokatu izan dugu orain dela ez horrenbeste, baina hau berezia izango da.
24 urte profesionaletan. Azkar pasatu al dira? Oso arin pasatu dira urteak. Aurreko
larunbatean, Ezkurdin, oraindik debuteko egunaz gogoratzen nintzen. Astelehen
bat zen, jaialdiko lehen partida jokatzen genuen arratsaldeko lau eta erdietan
eta berandu iritsi ginen frontoira. 16.25ean edo iritsiko ginen eta oraindik
ederki gogoratzen dut egin ziguten errieta. Ia 25 urte pasatu dira ordutik,
baina atzo izan balitz bezala gogoratzen dut, atera hortik kontuak.
Zer partida izan zen?
Setien eta Etxebarriaren kontra jokatu genuen Vivancok eta nik. Vivancok eta biok elkarrekin egin genuen debuta eta irabazi egin genuen egun hartan.
Mende laurdenak une onak eta txarrak bizitzeko beta emango du. Zer oroitzapen gordeko duzu?
Hain gazte hasi eta orain arte goian mantendu izana nabarmenduko nuke. Egon liteke une jakinen bat, baina batez ere, atzera begiratuta, horrek harritzen nau, daukadan gorputz txiki honekin horrenbeste urtean goiko mailan egon izanak.
Eta pilotariren bat aukeratzeko eskatuko banizu?
Azkenean hiru hamarkada izan dira zestan jokatzen eta, beraz, pilotari asko ezagutu ditut. Hasieran Ondarres eta Egurbiderekin jokatu nuen, ondoren etorri ziren Txikito Bolivar, Katxin Uriarte, Remen, Elortza... Azken urte hauetan Goikoetxearekin jokatzeko aukera ere izan dut. Baina beti harritu izan nauen pilotaria Felix Espilla da. Harrigarria da 25 urtean gizon horrek urtarrilaren 1etik abenduaren 31 arte mailari nola eutsi dion.
Zu iritsi zinenetik gaurdaino, zer bilakaera izan du zestak?
Nik debutatu nuenean zesta puntak sekulako osasuna zeukan. Ameriketan 14 frontoi zeuden irekita. Puntisten grebak min handia egin zion sektoreari eta apurka-apurka pilotaleku asko ixten joan ziren. Oraintxe bertan, zesta ez dago sasoirik onenean, baina okerrago egon dela ere esan behar da. Erakundeen laguntza apurrari esker, pixka bat gora egin dugu eta bide horri eutsi behar diogu.
Orain, toreatzaileak bezala, hesiaren beste aldera egingo duzu jauzi, intendentzia lanetara.
Pilotari izan naizen urte hauetan ikusi ditut hobetu beharreko zenbait gauza. Batez ere, komunikazio arloa hobetu nahiko nuke, enpresaren eta pilotarien arteko komunikazioa. Askotan, gauzak argi ez esateagatik, gaizki ulertuak egoten dira eta alferrikako eztabaidak sortzen dira pilotarien artean. Gustatuko litzaidake pilotariren batek zalantzaren bat daukanean niregana etorri eta gauzak zuzen-zuzenean esatea eta argitzea.
Jakin berri dugu Eusko Basque beste jokamolde batzuetara zabaldu nahian dabilela. Zestari onurarik ekarriko al dio horrek?
Nik uste baietz. Jaiak iristen direnean udalek Aspe, Asegarce edo Frontisekin hitz egiten dute normalean eskuzko partidak nahi dituztenean. Orain, Eusko Basquek bere jaialdietan hiru edo lau jokamolde ezberdin eskain ditzake eta eskua erremintarekin osatu. Eskaintza herri askorentzat interesgarria izan daitekeela uste dut.-
|