GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2007-01-13
Gure arteak labelik al du?, lau artistaren ikuspuntutik
Berton jaioak edota berton lanean dauden kanpotarrak izanda, Euskal Herriak beren sormenean eraginik ote duen planteatzen dute «Label In&Out» erakusketa osatzen duten lau artistek. Birziklatutako materialekin egindako jantziak eta euskal jantzi tradizionalen interpretazioa ikus daiteke, besteren artean, Bastero kulturgunean gaurtik aurrera.

DONOSTIA

Euskal arteak ba al du hizkuntza propiorik? Bere emaitza eta metodoetan euskal jatorria islatzen ote da? Sortzaileen bizilekuak, kulturak eta balioek eraginik izaten al dute? Galdera horietatik abiatuta, lau artistak euren proposamenak paratu dituzte Bastero kulturgunean, Andoainen (Gipuzkoa). Denek Euskal Herriarekin lotura dute, berton jaioak direlako edota, kanpokoak izanda, berton bizi direlako. “Label In&Out” erakusketa gaur eguerdian zabalduko dute, eta otsailaren 17ra arte ikusgai izango da.

Tytti Thusberg (1969) diseinatzailea finlandiarra da, eta duela hamar urte bizi da Donostian. Emakumeentzako modari buruz duen ikuspegia islatzen du diseinuetan. Andrazko «ideal eta ezinezkoaren» irudiari barre egiten dio, eta jantziei eta markei ematen zaien gehiegizko garrantzia zalantzan jartzen du. Thusberg-en diseinuak etxeko hondakinekin eta ospitaleko material birziklatuekin osatuta daude. Jogurten zilar koloreko tapekin edota patata poltsen sareekin egindako jantziak erakargarriak izan daitezkeela erakusten du.

Borja Uriona (1976) gernikarrak, pinturaz gain, moda ere lantzen du, eta “Label In&Out” erakusketarako bereziki «show-room»a sortu du. Euskal jantzi tradizionalak bere iragazkitik igaro osteko emaitza probokatzailea erakusten du gela horretan. Uriona Bartzelonan bizi da, eta bertan moldatu zituen euskal jantziak. Tradizioa oinarri hartuta, beste kontzeptuak eta joerak batu ditu.

Aitor Larrañaga, Peli, (1075) Zarautzen jaio eta bertan bizi da. Basterora eramango duen proposamenak “Continuum” du izena. Pintura da horren osagai nagusia, baina bestelako teknikak ere baliatu ditu. Izenburuak adierazten duen legez, denboran apurka-apurka osatzen doa. Pertsonek, paisaiek eta objektuek, zehaztasun maila ezberdinekin, irudi-sail bat osatzen dute.

Erakusketaren laugarren pieza, Andoainekin estu-estu lotuta, Saioa Olmorena (1976) da. Bilbon jaioa, Andoain herria irudikatzeko moduak jorratu ditu. Herri horretako ikurrak hartuta, haiei buruz duten irudipena eta sentipena galdegin die herritarrei. Artistak andoaindarren iritziak interpretatu ditu, eta emaitzekin armarri berria sortu du. Olmoren instalazioak “20140” du izena; Andoaingo posta kodea. Armarriaz gain, andoaindarren testigantzak jasotzen dituzten bideoak prestatu ditu bilbotarrak.

Norberari egokitutako armarria

Armarriaren artelana, baina, ez da itxia, edonork berea osa dezakeelako. Gaur, 11.30ean, erakusketa zabaldu aurretik, artistak txapa batzuk banatuko ditu. Txapok ispilua dute eta eramailearen ingurunea islatzen dute.

Ikus-entzunezkoek ere badute lekua “Label In&Out”en. Elebik, erakusketa antolatu duen enpresak, sormen mota hori lantzen duten zentroentzat deialdia zabaldu zuen. Deialdia Artelekun (Donostia), Bilbao Arten eta Arte Ederretako Fakultatean (Leioa) egin zuen. «Aurkeztutako 200 lanetatik lau aukeratu genituen. Bik ildo narratiboa dute; beste biak, berriz, esperimentalagoak dira», azaldu zuen Ainara Martinek, erakusketako komisarioak. Denak iaz sortutako lanak dira.

Joanes Mathiueten “Izotza” film laburrak (8’) gizakion ohiko galdera existentzialak aurkezten ditu. Gizonezko protagonistak erantzuna topatzen du.

“M.I.R.A.” lanak (3’48’’), berriz, natura eta horrek pizten dituen zentzumenak ditu gai nagusitzat. Nerea Gorosti, Beñat Linde eta Ekhiñe Muguruza dira egileak.

“The Mug” (3’40’’) Cecilia Alvarezen animazio digitaleko filmak egoera paraleloak agertzen ditu, baina garapena kiribilean gertatzen da. Egile berekoa da “La niña” (1’34’’). Lan horretan, bideoaren eta argazkigintzaren arteko mugekin jolasten du egileak.



Kontzeptu berak edonon
K.M.
DONOSTIA

«Euskal artea aipatzerakoan beti probintzianismo kutsua jartzen zitzaion», azaldu zion GARAri Ainara Martinek, “Label In&Out” erakusketaren komisarioak. «Nazkatuta nengoen beti txapelarekin eta abarkekin joango bagina bezala agertzea, eta nazkatuta nengoen euskal arteak itsatsita zeraman etiketa politikoaz», esan zuen. Elebi enpresak urtebete eman du Bastero aretoko egitaraua kudeatzen, eta ekaina arte hala egiten jarraituko du. «Gure kudeaketaren barruan asko bidaiatu dugu eta kanpoko erakusketak ikusi ditugu. Iazko ARCO ferian Alemaniako artista batekin elkartu ginen, eta berak estereotipoei buruzko inpresio bera zeukan. Hau esan zigun: ‘Badirudi alemaniarrek II. Mundu Gerrari eta saltxitxei buruzko artelanak soilik egin ditzakegula’», esan zuen ironiaz.

«Bidaia horietatik atera nuen ondorioa da edonongo artistek, forma desberdinak erabili arren, kontzeptu berak baliatzen dituztela. Garaikideak gara, azken finean». Alde horretatik, “Label In&Out” erakusketaren komisarioaren iritziz, ez dago euskal labelik artean.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Miles de jóvenes salen a la calle en apoyo a Segi
Ekonomia
«LAB tiene que ser el contrapoder de hoy y la alternativa de mañana», afirma Rafa Díez
Kultura
Hamaika Bertuteren jabe dira bertsolari gazteak
Euskal Herria
Evasivas policiales sobre la emboscada de Pasaia
Euskal Herria
Batasuna considera «un fraude» la nueva convocatoria de Ibarretxe
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss