Euskal Herriaren behar akademikoei erantzuna emango dien euskarazko unibertsitate berria aspaldiko aldarrikapena da gure herrian. Ikasle mugimendutik hasi, irakasle eta intelektual taldeetatik pasatuz eta zenbait herri eragiletara iritsita, ahots askoren aldarria izan da, baita praktika ere, hainbat urrats eman baitira.Lehenik eta behin, Euskal Herriko Unibertsitate eta Euskal Unibertsitate kontzeptuak ezberdintzea komeni da, ez baitira gauza bera. Ezberdintze kontzeptual hau duela zenbait urte egin zuen Karlos Santamaria euskaltzale ezagunak honela: «Euskal Herrian dauden unibertsitate eta sasi-unibertsitate multzoari Euskal Herriko Unibertsitate deituko diogu. Aldiz, uste honek utopia itxura badu ere, nire terminologiaz Euskal Unibertsitatea euskal kultura eta hizkuntzaren alma mater izan beharko litzatekeen unibertsitatea da». Galdera hau ere luzatu zuen, benetan argigarria: «Norbaitek onartuko al luke ‘Universidad Española’ deitzea irakasle gehienak gazteleraren ezagutzarik ez duten eta kultura nahiz historia espainola ikasketetan baztertzen dituen unibertsitateari?».
Gaur egun gure herrian ez da Euskal Unibertsitaterik, ez behintzat arestian esan ditu- gun ezaugarriak betetzen dituenik. Baina nondik dator eta nora doa egitasmoa? Ezinbesteko dugu azken urteetan lanean buru-belarri ibili den eragile batez aritzea. Udako Euskal Unibertsitatea, egitasmo honen aitzindari izan dena. 1973an sortzen da Karlos Santamaria eta beste batzuen pentsamendua oinarri, Euskal Unibertsitatea helburu, unibertsitate ikasketak euskaraz ematea posible zela erakutsiz.
2003an, ibilbide luze baten ondoren, hamarnaka ikastaro, formakuntza jarraiko klase eta graduondoko euskaraz eman ondoren, II. Kongresua ospatu eta bertan bere helburu estrategikoa lortze bidean urrats praktikoak emateko garaia iritsi dela ebazten du. Ondorioz, Euskal Unibertsitatearen Sustapen Batzordea lantaldea martxan jartzen da. Batzorde hau batzuetan agerraldi publikoak eginez aritu da lanean, baina gehienetan isilpean, Euskal Unibertsitatearen proiektua garatuz. Nola egin diseinatzen egon dira, alor juri- dikoan, ekonomikoan, soziologikoan eta akademikoan, horren emaitza Euskal Unibertsitatearen aurre-proiektua delarik.
Eta horrela iristen gara 2005eko urrian Nazio Eztabaida Guneak Zarautzen ospatzen duen osoko bilkurara. Bertan, Euskal Herrian sinesten duten sentsibilitate politiko ezberdinetako pertsonak biltzen dira Euskal Herriaren biziraupena eta garapena bermatze bidean estrategia komun bat adosteko, Nazio Estrategia alegia. Euskal Unibertsitatearen egitasmoak izan duen bilakaera ikusirik eta unibertsitate propio batek herri baten biziraupen eta garapenerako duen garrantziaz jabeturik, egitasmoa gure herriarentzat lehentasunezko bezala onartzea erabakitzen da, Nazio Estrategia horren bide-orria den Nazio Planean jasotzen delarik.
2006an Burlatan egindako Nazio Eztabaidan egitekoak zehaztu egiten dira: 1) Euskal Herriaren behar formatiboak adosteko jardunaldia egitea. 2) Egitasmoaren aurreproiektuaren gauzapenean konprometitzea.
Azken hilabete hauetan lehen egiteko horri erantzunez lanean aritu gara, Euskal Herriaren hezkuntza eta ikerkuntza behar espezifikoak zeintzuk diren zehazten hasteko herritarren ekarpenak jasotzen. Baina zer dira, bada, hezkuntza eta ikerkuntza behar espezifikoak? Euskal Herriaren garapen politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalerako beharrezkoak ditugun espezialistak, eta hortaz unibertsitateak bermatu beharrekoak.
Eta zergatik definitu nahi ditugu orain hezkuntza eta ikerkuntza behar espezifiko horiek? Euskal Unibertsitatea sortzeko orduan, bestelako irizpideen artean nazio beharren irizpideak ere egon behar duelako. Hau da, Euskal Herriak dituen behar formatibo espezifikoei erantzuteko ere balio behar du Euskal Unibertsitateak. Argi dago unibertsitate berri horrek ezin izango diela mahaigaineratuko diren behar guztiei erantzun (gutxienez hasiera batetik). Baina, gainera, zein beharri erantzungo dien eta zeintzuei ez ebaztea ez da ariketa honekin planteatzen duguna, hori ebaztea egitasmoaren egikaritzean konprometituko direnei dagokielako. Orain garrantzia dutenak herri beharrak dira.
Egindako ekarpen prozesua ez da erraza izan, baina, halere, ekarpenak jaso, jaso ditugu, nekazariek, kirolariek, mugimendu feministako kideek, euskaltzaleek, ekologistek... eginak. Ekarpen aberatsa ezbairik gabe, hurrengo urtarrilaren 27an Martin Ugalde kultur parkean ospatuko dugun Urratsez Urrats Euskal Unibertsitatea Nazio Jardunaldian borobildu nahi duguna.
Bistan denez, Euskal Unibertsitatea errealitate bihurtzeko urratsak eman dira. Garrantzitsuak izan ziren Karlos Santamariak eta UEUk emandakoak eta artikulu honetan espazio falta dela-eta aipatu gabe utzitakoak. Beste urrats bat emango dugu urtarrilaren 27an eta ondoren ere beste batzuk eman beharko ditugu, proiektuaren osatze fasetik egitasmoaren egikaritzera jauzi egiteko. Bidean ezinbestekoak izango ditugu herri honetan sinesten dutenen konpromisoa eta inplikazioa, lana ez baita samurra izango. Bide gogor eta luzea aurretik duguna, baina bidea ibiliz egiten da eta gu bagabiltza, pixkanaka bada ere, urratsez urrats. -