Erosioa: Kostaldeen morfologia urtez urte aldatzen duen fenomeno naturala
Lapurdiko kostaldeko itsasbazterrak erosioaren menpe daude. Erosio horri aurre egiteko, urtez urte irtenbideak atzematen aritu dira. Horrela, Donibane Lohizunen Artha eta Sokoa dikeak jarri zituzten eta Biarrizko euskaldunen hondartzako erlaitza pareta baten bidez indartu. Obra horien eraginkortasuna aztertzeko, Akitania eta Estatu frantsesaren arteko Plano kontratuan ikerketak bideratzea erabaki zuten 2001ean. 2013 urtera arte luzatzekotan dira.
ANGELU
Zein izango da ehun urte barru Lapurdiko kostaldearen irudia? nola egin urtez urte indarrean jarraitzen duen itsas erosioa oztopatu edo mugatzeko? edo, zerk eragiten du erosioa?Galdera horiei guztiei, eta baita beste hainbati ere, erantzun bat emateko, 2001ean Akitania eskualdea eta Estatu frantsesaren arteko Plano kontratuaren bidez, kostaldeko Behatokiari itsasbazterren erosioari buruzko lan sakona egiteko eskaera egin zitzaion. Lan horren xedea, Lapurdiko kostaldeanerosioaren arrazoiak definitzea, eragina neurtzea eta oztopatzeko moduak begiratzea zen. Bost urtez aritu da, beraz, Behatokia lan horretan, eta, Lapurdiko kostaldeari buruzko datu zehatzak izan nahian, dagoeneko ikerketa horiek 2013 urtera arte luzatzekotan dira. «2013ra arte luzatzea ezinbestekoa da, erosio sailean oso garrantzitsua baita itsasbazterraren bilakaeraren jarraipen bat izatea, kudeatzeko orduan tresna bat baita», nabarmendu zuen Sandrine Aubie Bordaleko geologia eta meategien ikerketa bulegoko ikerlari eta ikerketaren arduradunak. Lapurdiko kostaldearen xehetasunak ematerakoan, itsasbazterraren bilakaera aztertzeko 1829ko mapak eta 2000. urtean harturiko argazkien arteko konparaketa egin zutela esan zuen. Bertan agertzen diren datuen arabera, urtero kostaldeak 30 zentimetro egiten du gibelera. Gune ukituena Donibane Lohizuneko Erromardi eremua zela argitu zuen: «170 urtetan 125 eta 150 metro artean egin du gibelera». Lurraren gibelera egite hori Europa osoan bizi den arazo bat dela zehaztu nahi izan zuen ikerlariak. «Erosioa lurraren kalitatearen arabera gertatzen da. Lapurdiko kostaldean, alde batetik, erlaitzak daude, horiek kontinenteko uren eta itsasoaren uhainen eraginez lur-jausi anitz izaten dituzte. Hondartzetan, berriz, hondarra atxikitzeko bitartekaririk ez dagoenez, pixkanaka itsas barneratzen da, eta hondartza txikitzen doa», gogoratu zuen Lapurdin gertatzen den prozesua aipatzerakoan.
Hiriguneak itsas bazterrean izateak egoera txartu
baizik ez duela egiten gehitu zuen ikerlariak. «Kostalde naturaletan, batzuetan, sistemak bere kabuz orekatzea lortzen du. Baina, hiriguneak babesteko babes eraikuntzak egin dituztenez, horrek naturan eragina du, eta batzuetan egoera larritu baizik ez du egiten», azpimarratu zuen ikerlariak.
«Erosioari aurre egiteko lurra ongi ezagutzea ezinbestekoa da»
Sandrine AUBIE
| BRGM bulegoko geologia ikerlaria
Sandrine Aubie, BRGMko geologoa hain zuzen, berriki gomitatua izan da Angeluko Montory eskolara Lapurdiko kostaldeko erosio fenomenoaz hitz egiteko. Zure erranen arabera, erosioa aztertzeko
orduan gibelatze handia eman izan da Lapurdiko kostaldean... Bai. Ikerketa gutxi egin izan dira eta egin izan direnak oso eremu berezi batzuentzat egin dituzte. 2000. urtean hasi ginen informazioa biltzen, eta garai horretan hasi ginen gertatzen zen fenomenoa ulertzeko azterketak egiten ere. 80. hamarkadan, adibidez, Euskaldunen kosta oso zehazki ikertua izan zen. Gune horretan, beraz, badakigu ongi zer dagoen eta zer egin behar dugun, baina, kostaldeko 40 kilometroetan ikuspegi orokor bat izateko orduan oso mugatuta gaude, datu gutxi baitugu. Orain hasi gara informazioa izaten, eta beraz, gune batzuetan egokiagoak diren obrak bideratzen ahal ditugu. Baina, erosioaren aurka egiteko lurra oso ongi ezagutu behar da. Gaur egun erosioa mugatzeko dauden
eraikuntzak eraginkorrak al dira? Behar den bezala berrituak direlarik, eraikuntzak lan bat betetzen dute. Baina inguru batetik bestera oso errealitate ezberdinak daude eta eremu bakoitzean egokia dena jarri behar da. Halere, erosioa nahitaezkoa da. Babes tekniken bidez erosio hori emekiago joatea baizik ez da lortuko. Eta hori lortu ahal izateko ere, eraikuntzak berritzeko medio asko jarri behar da. Europan egin den Response izeneko ikerketa
hori zer da? Ingalaterra, Estatu frantsesa eta Italiaren artean egin da eta oso eskala handia hartu dute hori egiteko orduan. Lapurdiko kostaldearentzat bat milimetroko eskala hartu dute. Lapurdin zer gertatuko den jakiteko ematen dituen datuak ez dira nahiko zehatzak. Baina munduan klima aldaketak barnatzen dituen metodo bat finkatzeko aukera ematen du. - A.B.
Klima aldaketak egoera larrituko du adituen arabera
Europa mailan klima aldaketak erosioan izan dezakeen eraginari buruzko azterketa bat bideratua izan da. 2100. urteari begira egin dutelarik, bertan Akitania kostaldea eta, beraz, Lapurdi ikertua izan da. Datuak oso zehatzak ez izan arren, Response proiektuaren arabera, klima aldaketak erlaitzen guneetan ezegonkortasuna, eta beherago diren hondartza edo badietan ibai nagusien estaltzeak eta hirien urperatzeak izango dira.-
|