- Urrezko Aizkora
Aldape-Atutxak eman dute ezustekorik handiena
DONOSTIA
Urrezko Aizkoran helduen saioak datorren asteburuan itzuliko dira, baina 23 urtez azpikoena asteburu honetan izan da. Jardunaldiko ezustea, berriz, Atutxa II.ak eta Aldapek eman dute, iazko txapeldunak, Mugertza anaiak, mendean hartu baitzituzten. Bi biko hauek ziren iazko finalean eta, aurtengorako ere, bi biko hauek dira faborito. 45 ontzako kolpeka moztuz abiatu ziren, eta bizkaitarrak nagusitu ziren. 31 kolpetan erdibitu zuten enborra eta bederatzi gehiago behar izan zituzten gipuzkoarrek. Ondoren bi 45 ontzako moztu behar zituzten eta ostera Aldape-Atutxa izan ziren nagusi. 1.49 izan zen beren denbora eta 2.09 Mutrikuko anaiena. Hirugarren enborrean 45 ontzakoa zutik moztu behar zuten, eta hortxe heldu zen Mugertzatarren lehen garaipena. 1.29 izan zen beren denbora eta 2.00 aurkariena. Gero, 60 ontzakoa erdibitu behar zuten txanda librean eta berriro ere bizkaitarrak nagusi. 1.42 izan zen beren denbora eta 2.10 gipuzkoarrena. Azkenik, txanda librean, lau kana-erdiko eta bi 45 ontzako moztu behar zituzten, eta 9 minutu eta 35 segundotan erdibitu zituzten Atutxa-Aldapek eta 11.01ean Mugertza anaiek. Lan guztiak burutzeko 15 minutu eta 37 segundo behar izan zituzten Atutxak eta Aldapek, eta 17 minutu eta 29 segundo Mugertza anaiek. AtzoDonezteben, Rekondo-Erasunek eta Alkizalete II-Gorritik lortu zuten garaipena. Rekondo-Erasunek Larretxea lehengusuak zituzten aurrean, eta Jon Rekondo leitzarraren maila izan zen saioa erabaki zuena. Larretxeatarrak gailendu ziren kolpekako saioan, baina hortik aurrerako saio guztietan Leitzakoa eta Iturengoa izan ziren nagusi. Amaieran horiek irabazi zuten. Lan guztiak burutzeko 18 minutu eta 59 segundo behar izan zituzten eta Larretxeatarrek, berriz, 20 minutu eta 57 segundo. Alkizalete II.ak eta Gorritik, berriz, Jimenez-Rodriguez II.a menderatu zituzten. Xabier Mindegia zen segoviarrarekin aritzekoa, baina min hartuta dago eta Jimenezek bete zuen bere lekua. Saioa nahiko estu joan zen, baina azkenean Asteasukoa eta Uharte Arakilgoa gailendu ziren. Lan guztiak 21.32n burutu zituzte eta galtzaileek, berriz, 24.20n.
|