Euriborrak %4ko muga gainditu du urtarrilean
·Mailegua orain berritzen dutenek kuota bat eta erdi gehiago ordaindu beharko dute
Euriborra %4,064 igo da urtarrilean eta horren ondorioz, hipotekak garestitu egingo dira berriro. Oraingoan ia kuota bat eta erdi gehiago ordaindu beharko dute urtean mailegua berritu behar duten pertsonek. Bataz besteko hipoteka baten kasuan, kopuru hori 1.136,76 euro gehiago izan daiteke.
MADRIL
Euriborra, hipoteken prezioa erabakitzeko erabili ohi den erreferentzia, hamazazpigarren aldiz jarraian igo zen joan den urtarrilean eta %4ko muga gainditu du. Joan den hilabetean %4,064ra iritsi zen, 2001eko abuztutik izan duen mailarik altuenera. Etxebizitza ordaintzeko hipoteka bat daukatenentzat, urtean kuota bat eta erdi gehiago ordaindu beharko dutela esan nahi du horrek. Merkatuko datuen arabera, Euriborra %4ren gainetik egon da urtarril osoan eta 2005eko urtarrilaren aldean 1,231 puntu goititu da, %43,45 alegia, garai hartan %2,833n kokatu zen-eta. Espainiako Bankuak datu horiek baieztatu beharko ditu ofizialki bi aste barru. Bataz besteko hipoteka 144.000 eurokoa da eta ordaintzeko epea 26 urtekoa. Horren arabera, bataz besteko hilabeteko kuota 709,83 eurokoa zen. Baina indize berriarekin bere mailegua berritu behar dutenek ia 95 euro gehiago ordainduko dituzte hilabetean, hau da, 804,56 euroko kuota. Urte osoan, gastua 1.136,76 euro gehiago izango da, familia batek kuota eta erdi gehiago ordainduko balu bezala.
EBZren politika Europako Banku Zentralaren moneta politika zorrotzak eragin ditu igoera horiek. 2005eko abendutik, euro inguruan inflazioa eta moneta kopurua kontrolpean izateko aitzakiaz, interes tipoak igotzen hasi da.
Ildo horri jarraituz, interes tipo ofiziala %2tik %3,5era igo da, hiru igoera ezberdinetan. Gainera, oraindik igoera gehiago espero dira. Adituen arabera, EBZk ez ditu berriro interes tasak igoko martxora arte. Eta espero dute orduan %3,75ra iristea. Beste puntu laurden bat ere garestitu daiteke dirua, baina askok uste dute horretan geldituko dela bankua. Bankuek eta kutxek igoera horiek aurreratzen dituzte bezeroekin egiten dituzten maileguetan. Modu horretan, Euriborra dagoeneko hamasei aldiz igo da, 1999an indize hau sortu zenetik ezagutu ez den joera. 2006ko abenduaren aldean, Euriborraren igoera 0,143 puntukoa izan da. Gainera, atzo hilabete osoko mailarik altuenera iritsi zen (%4,097). Espainiako Hipoteka Elkartearen arabera, familia askok mailegu berriak ez kontratatzea erabaki dute etxebizitzen prezioaren etengabeko gorakada eta interes tipoen igoerak direla-eta.
|