GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Jo puntua 2007-02-01
Laura Mintegi - Idazlea
Behin eta berriz egun bera

Pelikula hartan bezala, egun bera behin eta berriz bizi ari garelako sentsazioa izan dut azken egunotan. Aste berean bi ekitalditarako deia jaso dut etxean, bata Ibaizabal Mendebalde Elkarteak igorria, bestea Euskal Unibertsitatearen aldekoek egina. Biek ala biek diseinu fasetik egite fasera igarotzeko aldarria egiten dute. Bada ordua, diote, edukitzeko euskaradun telebista eta unibertsitatea. Hitz egiteari utzi eta ekiteari ekin behar diogula dioskue.

Hainbat puntutan bat datoz bi deialdiok, eta ez soilik nahiok gauzatzeko unea heldu dela esatean. Biek diote proiektu berriaren funtsa euskara hutsezkoa izatea dela, elkarlana dutela oinarri, beren izaeraren muinean nazio ikuspegia dagoela, aurrerakoiak eta zabalak izango direla, behetik sortuak, estilo propioarekin, inongo eredurik ez zaiela baliagarri, asmatu beharra dagoela. Biek lehenesten dute autofinantziaketa maila altua, kudeaketa konpaktatua, kalitatea ezaugarri gisa, dinamikoak eta serioak izateko beharrizana.

Aldarriok entzun ahala beste proiektu batzuk etorri zaizkit gogora, orain 25 urte martxan jarri zirenak. Hezkuntza sistema euskaraduna sortu nahi zen garai hura gogoratu dut, edo euskara hutsezko egunkaria jaio aurretik 1986an plazaratu ziren “Hemen” eta “Eguna” egunkariak, gerokoaren aurrekari gisa. Orduan euskalgintzak argi zekusan ekimen pribatuarekin soilik berma zitekeela euskarazko hezkuntza, hedabideak, liburugintza, helduen euskalduntze-alfabetatzea. Eta oraingoan ere antzeko parezido. Ekimen pribatuek jarriko dituzte martxan proiektu estrategiko hauek, orain hogei urte jarritakoen garapen naturala baitira: ikastolatik unibertsitatera eta egunkaritik telebistara. Tarte honetan ez al dugu ezer aurreratu? Zikloa berriz hastera kondenaturik gaude?

Honezkero baditugu erakunde propioak, lege autonomikoak, res publica antolatua, zerga sistema egonkorra eta bertakoa. Eta hala ere, horrekin guztiarekin ere, diru pribatuarekin sortu beharra ditugu guztiz estrategikoak diren proiektuak: gazteen hezkuntza eta informazioa.

Pelikula hartan bezala, behin eta berriz bizi behar dugu egun bera, antza. Egia da baina, pelikulan gertatu bezala, egun bakoitzeko eskarmentua gehitzen dio- gula biharamunekoari, eta egunero zerbait berria dakigula jakin egun berriari hasiera eman orduko. Badakigu, esaterako, diskurtsuak gorabehera, burutu nahi den ekimena ez dela inoren eskuetan utzi behar. -


Laura Mintegi - Idazlea - Artikulo gehiago [..+]
 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
«Me sorprendería que interrumpiesen definitivamente el diálogo con ETA»
Iritzia
El diálogo, la negociación y el acuerdo no tienen alternativa
Kultura
Euskal Herria Zuzenean jaialdiak ez du Kontseilu Nagusiaren diru-laguntza jaso
Jendartea
Los grandes temas del día, en el arranque
Euskal Herria
«La palabra es libre y su uso no se puede castigar»
Euskal Herria
Ibarretxe: «Seguiré hablando con todos, porque no hay otro camino»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss