GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2007-02-01
Tren eta itsas garraioak lehenetsi behar direla esan dute Eztabaida Publikoan
AHT burdinbide berriari buruzko eztabaida publikoko batzordeak atzo eman zituen lau hilabetez, hau da abuztuaren 30etik abenduaren 29a arte, Akitania eskualdean izandako eztabaidaren emaitzak. Eztabaidak izandako arrakasta txalotu zuten antolatzaileek. Eta, parte-hartzaile guztiek tren eta itsas garraioa garatu beharra aipatu bazuten ere, Lapurdin AHT burdinbide proiektua bera zalantzan jarri zuten. RFFk hiru hilabete ditu erabakia emateko.

BAIONA

Lau hilabeteko eztabaidaren azken balantzea ezagutarazi zuten atzo AHT burdinbide proiektuari buruzko Eztabaida Publikoaren batzordeek. Abuztuaren 30etik abenduaren 19a artean iraun du eztabaidak, eta orotara Akitania eskualdean egin dituzte bilkuretan sei mila lagun elkartu dira.

«Eztabaida oso aktiboa izan da, eta orain arte mota bereko azpiegitura proiektuetarako antolatu ditugunak kontuan hartuta, parte-hartzaile gehien elkartu duenen artean dago», azaldu zuen Yves Mansillon Eztabaida Publikoaren Batzorde Nazionaleko arduradunak.

Sei mila lagun horiei Interneten irekia izan duten guneak bildu dituen 30.000 bisitariak gehitu behar zaizkie.

Parte-hartzea kontuan harturik, ekimena arrakastatsua eta emankorra izan dela aipatu zuten antolatzaileek.

Eztabaidaren balioespen zehatzari dagokionez, oro har «tren eta itsas garraioari lehentasuna ematean» adostu zirela esan zuten. Baina proiektuan barneratzerakoan aurkako ikuspegiak izan zirela esan zuten. RFFk eztabaida publikoa bultzatzerakoan hiru burdinbide proiektu proposatu zituen:egungo lineako bideak bi aldiz bidertu, mendebaldetik doan linea berria eta ekialdetik doan beste linea berria.

Proiektuaren beharra zalantzan

Mendebaldetik pasatzearen ideia lau hilabeteko eztabaida horretan aipatu ere ez dutela egin esan zuten. Eztabaida publikoaren antolatzaile zirenez gero ez zuten iritzia eman behar, eta Akize eta Hendaia tartean bi ikuspegik bata bestearen aurka egin zutela esan zuen. «Horrelako proiektu bat abiatu behar den edo ez eztabaidatu dute nagusiki Hendaia eta Akize artean izandako bilkuretan. RFFk emandako zenbakiak zalantzan jarri dituzte, eta horretarako azterketa gehigarriak eginak izan dira», jakinarazi zuen Yves Mansillonek. Horiek hala, bi ikuspegi zeudela adierazi zuen: bata, ekialdetik burdinbide berria egitearen alde; eta bestea, egungo linea dagoen bezala uztea, duen ahalmena baliatuta. Ingurumena aipatu zutela ere jakinarazi zuten. «Linea berria egitean, bidearen hiru laurdenak tunel azpian eginak izatea nahi dute», adierazi zuten.

RFFk hiru hilabete ditu proiektua plazaratzeko. «Lau hilabetez izandako eztabaida publikoa ez da parentesi bat bezala ikusia behar. Ondotik eginen dituen urratsetan publikoarekin eztabaidak izaten jarraituko duela espero dugu», bukatu zuen esaten.



CADE kolektiboko ekologistak prentsaurrekoan gonbidatuta

ANGELU

Victor Pachon Lapurdiko,Nafarroa Behereko eta Zuberoako ekologista elkarteen kolektiboko arduraduna agertu zen atzo eztabaida publikoaren emaitzak emateko batzorde antolatzaileek egin zuten prentsaurrekoan.

Bertan, hitza hartu zuen, eta CADE kolektiboa ez ezik beste herriko etxe asko proiektuarekin ez daudela ados azaldu dutela gogorarazi zuen. Hiriburu, Milafranga, Urketa, Lehuntze, Mugerre, Azkaine eta Biriatu dira, izan ere, herriko etxe horiek. Horietariko zenbait, linea berriaren proiektua aukeratuko balute, trenbideak zeharkatuko lituzke.

Horrekin batera, suitzar adituen azterketa gehigarriak gogorarazi zituen, eta horiek argiki RFFk emandako datuak zalantzan jartzen dituztela salatu zuen. «Suitzarrek argiki azaltzen dute salagaien garraioaren datuak handitu dituela RFFk», bukatu zuen esaten, eta berriz ere egungo lineak gorakadari aurre egin diezaiokeela nabarmendu zuen.



Bi hilabete barru proiektuaren edukia kaleratzeko asmoa

ANGELU

Christian Maudet-ek, RFF egituran proiektua eramateaz arduratzen denak, legez finkatua den hiru hilabeteko epea aitzin txostena plazaratuko dutela jakinarazi zuen atzo. «Ikusiz hauteskundeak daudela, gure asmoa proiektua hilabete bat aitzin aurkeztea da», argitu zuen. Eztabaida abiatzerakoan azaldu dituen hiru aukeren artean zein hautatzen duen jakinaraziko du RFFk.

Halere, Maudet-ek lau hilabeteko eztabaida horretan aipatu dutena kontuan hartuko dutela esan zuen. «Eztabaida publikoa ez da hiru aukeraren arteko konkurrentzia bat bazik izan. Proiektua bideratzerakoan erranak izan direnak kontuan hartuko ditugu. Aukera berri guztiak aztertu eta ikertuko ditugu», jakinarazi zuen.

Horiek hala, martxoan proiektua aurkeztu ondoren, ikerketa zehatzak egin beharko dituztela argitu zuen; izan ere, adierazi zuenez, fase horrek lau urte iraunen du. Lurrak erosi eta antolaketarako bigarren faseak beste zortzi urte iraunen duela azaldu zuen.

Hori dela-eta, suitzarrek egindako azterketa gehigarrietan RFFk 2020 urtea bitartean aurreratzen dituen datuak bidera ezinezkoak direla adierazi zioten atzo Maudet-i. Horretan, 2020ko epea hartu badute ere, horrelako azpiegiturak ez direla epe laburrera egiten adierazi zuen. «2020. urteari begira, burdinbidean saturazioa aurrez ikusi dute, eta Estatu espainolean bidea Europako arauetan egongo da. Horregatik aukeratu dugu epe hori. Baina berez proiektua mende baterako egina da», esan zuen.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
«Me sorprendería que interrumpiesen definitivamente el diálogo con ETA»
Iritzia
El diálogo, la negociación y el acuerdo no tienen alternativa
Kultura
Euskal Herria Zuzenean jaialdiak ez du Kontseilu Nagusiaren diru-laguntza jaso
Jendartea
Los grandes temas del día, en el arranque
Euskal Herria
«La palabra es libre y su uso no se puede castigar»
Euskal Herria
Ibarretxe: «Seguiré hablando con todos, porque no hay otro camino»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss