GARA > Idatzia > Editoriala

Europar Batasunak ez du autoderminazio eskubidea instituzionalizatu nahi

Kosovo hizpide dugu aspalditik, eta ostiraletik bereziki, Martti Ahtisaari Nazio Batuen Erakundeko ordezkari bereziak herri honen etorkizunari buruz prestatutako proposamena aurkeztu zuenetik. Pentsa zitekeen bezala, Serbiari ez zaio asko gustatu, bai, aldiz, Kosovoko albaniarrei, proposamenean independentzian amai litekeen ibilbidea ikusten dutelako. Egia da Ahtisaarik ez duela «independentzia" hitza aipatu ere egin bere txostenean, baina borondatea eta akordioa baldin badago, proposamenaren helmuga horixe izan liteke. Egitasmoak, oraingoz, protektoratuaren figura bere horretan mantentzen du, eta inoiz izan duen misiorik handiena eta agian garrantzitsuena ematen dio Europar Batasunari. Horren izenean, Javier Solanak hitz egin zuen, bi aldeei malgutasuna, errealismoa eta erantzukizuna eskatzeko. Javier Solanaren erreakzioa Batasuneko kide guztien gutxiengo bezala har daiteke, baina hainbat estatu ez daude batere gustura, espainola esate baterako, betiere Kosovoko independentziaren aurka dagoelako. Europar Batasunak, dena dela, hitz egiteko eskatu die Belgradori eta Pristinari, baina hemendik aurrera ikusi beharko da zein izango den bere benetako jarrera, eta aurrekariak, zoritxarrez, ez dira batere onak. Presioa egingo du, baina ez autodeterminazio eskubidearen alde.

Balkanetako azken krisia edo auzia ixten lagunduko al du Europar Batasunak? Franz Walter Steinmeier Alemaniako Atzerri Arazoetako ministroak, badaezpada, abisu hau bidali zuen ostiralean: «Kosovo sui generis kasua da, ez da inorentzako gida izango". Beti bezala, Batasun honen kide batzuek sekulako beldurra diete horrelako adibide eta eztabaidei. Gehiago gustatu izan zaie, betidanik, mamuak uxatzea, haraka edo honaka, baina betiere «etxeko kontuei" begira, jakinaren gainean egonda ere bestaldera begiratzeak arazo gutxi konpontzen dituela, ez han eta ez hemen.

Europar Batasunak ez du onartu nahi autodeterminazio eskubidearen instituzionalizazioa, ez behintzat printzipio orokor edo nagusi bezala; itsutasun horretan, nahiago izaten du kasuz kasu onartzea hori egin duenik esan edo aitortu gabe. Are gehiago, are okerrago, Batasunak eskubide abstraktu bezala har daitekeen hori lege zehatz batean gauzatzen ez duen bitartean, estatuek, bakoitzak bere aldetik eta bere kontura, justu printzipio horren aurkakoa ari dira lege bihurtzen edo instituzionalizatzen, Serbiak markatutako bideari jarraituz. Helburua, jakina, autodeterminazioari edo herri borondateari ateak ixtea da.

Europar Batasunak aukera on bat galdu zuen bere Hitzarmen Konstituzionala negoziatu zuenean; Europako Etorkizunari buruzko Konbentzioak ordu asko eskaini zizkion auzi horri, baina ez zuen arazoaren muinera jo. Eta, bitxia bada ere, kontua da, izatez, izozkailuan dagoen Europako Konstituzio horrek onartzen duela sezesio eskubidea... baina estatuentzat bakarrik, eta Europar Batasunetik ateratzeko.

Euskal Herria Bai

Abertzaleen Batasuneko biltzar nagusia Euskal Herria Bai koalizioarekin engaiatu da. Erabakiaren ondorioz, berriz ere mahai gainean dago Ipar Euskal Herriko alderdi abertzaleak datozen Legebiltzar frantseseko hauteskundeetan elkarrekin izateko aurkera.

Zuberoako, Lapurdiko eta Nafarroa Behereko instituzionalizazioari buruz abiaturiko gogoetak elkarlanerako sorturiko giroaz lagundurik, duela hainbat hilabete EAJ, EA, AB eta Batasuneko ordezkariek helburu ezberdina zuten elkarrizketak abiatu zituzten. Iazko ekainean hasita, geroztik hamaika bilera egin dituzte. Bilkura horien ondorioz, Euskal Herria Bai proposamena gauzatu zen. Frantziar estatuko Legebiltzarreko hauteskundeak euskal gizartearen borondatea errespeta dezaten aldarrikatzeko erabiltzea izan zen akordio horren gako nagusia. Hau da, hauteskunde kanpainan zehar Euskal Herriaren ukazioa agerian uztea eta Estatu frantsesari bere jokabidea behingoz aldatzeko denon artean eskatzea.

Bistan da, proposamena hauteskunde atarian eta bozketara begira sortu bazen ere, bazuen mami handiagoa. Adosturiko planteamentuak guztiz bateragarria zen Euskal Herrian bakea eta demokrazia eraikitzeko abian jarritako prozesuarekin, konponbidea eta lurraldetasuna uztartzen baitziren lau alderdiek landuriko konpromiso hartan.

Horrek nolabait arazoak sortu zizkien EAJko buruzagiei? Agian gehiegi samar esatea da. Edonola ere akordioa aurkeztear zegoela egoera luzatzeari jokatu zuten jeltzaleek. Abenduaren 30ean Madrilen izandako atentatua aitzakiatzat hartuz, alderdi horrek uko egin zion proposamenari, eta eraso larri hori gertatu aurretik jarri zituen oztopoak ezkutatu zituen. Era berean, Batasuna alde batera utzita, Iparraldea Bai ekimena abiatzea eskaini zien EA eta ABri. Batasuna zokoratzeko ahalegina ustela izan daiteke, ordea. Batetik, Eusko Alkartasunak koalizioaren proposamenari sostengu irmoa adierazi diolako, aurrebaldintza gehitu gabe, bata edo bestearen pentsamoldea aldarazteko presioa egin gabe. Hori gutxi bazen, oraingoan Abertzaleen Batasunako batzarrak agindu nagusia eman du: Euskal Herria Bai ekimena aurrera ateratzen ahalegintzea, hori bai, betiere EAJrekin parte-hartzea bilatuz... Jeltzaleen jarrera aldatu ezean, benetan atzera egingo al du ABk? Erabaki zaila. Zuberoan, Lapurdin eta Nafarroa Beherean izanen diren erronkak aintzat harturik, Euskal Herrian bizi den une politiko erabakiorra kontuan izanik, eta aurrera egiteko premiaz gain dagoen aukera paregabea ikusita. EAk eta Batasunak, inor baztertu beharrean, zabalik utzi dute akordioa luzatzeko atea. Abertzaleen Batasuneko biltzarrak atea, gutxienez, erdi irekia du. EAJk muzin egingo dio gainerako indar abertzalek eta heuren oinarri sozialak eskatzen duen konpromisoari?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo