GARA > Idatzia > Euskal Herria

Irakasle elebidunen postuen alde martxak Baionan eta Donibane Garazin

Eskola kartaren arabera hurrengo ikasturtean irakasle postuak galtzeko arriskua duten eskolek, Ikas-Bi eta Biga Bai elkarteek bultzatuta, manifestazioa egin zuten atzo goizean Baionan. Donibane Garazin ere guraso eta hautetsiek protesta egin zuten postu itxieren kontra.

Laurehun haur, guraso eta irakaslez osatutako manifestazio zaratatsuak Baionako karrikak zeharkatu zituen atzo. Kalitatezko hezkuntzaren alde eta irakasle postuak kentzearen kontra entzun ziren oihuek gidatu zituzten manifestariak hiriko suprefeturaraino. Han suprefetak Ikas-Biko ordezkari Jean Ithurburua hartuko zuen esperoan baziren ere, ostiral arratsaldez arrazoirik gabeko ezezkoa jaso zuten. Horren ordez, gutun bat utzi zuten egungo politika onartezina dela adierazteko. Azken astean irakasle posturik ez galtzeko hogei bat eskola okupatu dituzte gurasoek.

Ikas-Biko Mixel Estebanek argi azaldu zuen heldu den ikasturteko eskola karta irakaskuntza elebidunaren kontrako era- soa dela: «Irakasle postuak galtzeagatik 27 eskola dira ukituak eta horietatik 25 elebidunak dira. 21 lanpostu kendu nahi dituzte demografia aitzakiatzat hartuta. Ikasturtea hasi zenetik hainbeste aldatu al da demografia?".

Ikas-Bi ikasle elebidunen gurasoen elkarteko presidente Thierry Delobelek irakaskuntza elebidunaren kontrako eraso zuzena dela nabarmendu zuen. Euskararen Erakunde Publikoak euskararen ikaskuntzaren oinarritzat irakaskuntza publikoa ezarri ondoren Hezkuntza Publikoak zuzenean horren kontrako pausoa eman berri duen honetan, sinesgarritasuna galtzen dutela adierazi zuen Delobelek.

Irakaskuntza elebiduna elebakarraren parekoa izateko kontatzeko era aldatu behar dela ere nabarmendu zuten manifestazioan izandakoek. Izan ere, ikasle elebidunak ikasle erdi bezala zenbatzen dituzte. Bestalde, hiru urte baino gutxiago dauzkaten haurrak zenbaketan sartzeko ere eskatu zuten.

Donibane Garazin


Baionan bezala, jende anitz elkartu zen atzo Donibane Garazin ere Hezkuntza Nazionalak ikasleak kontatzeko duen erak ez duelako eskoletako errealitatearekin bat egiten. Guraso, irakasle eta haurrez inguratuta hautetsi anitz agertu zen protestara. Besteak beste, Jean-Michel Galant eta Frantxua Maitia kontseilari nagusiak izan ziren Garazi, Baigorri eta Iholdiko eskoletako ikasleak laguntzen. Baionako protestan Hendaia, Baiona, Angelu, Hiriburu, Heleta, Ainhoa, Larresoro, Itsasu, Sara, Donapaleu, Ziburu, Urruña, Donibane Lohizune, Biarritz, Uztaritze eta Azkaine herrietako eskolak izan ziren.

Aitzakiak


«Irakasle postuak galtzeagatik 27 eskola dira ukituak; horietatik 25 elebidunak dira. 21 lanpostu kendu nahi dituzte demografia aitzakiatzat hartuta. Ikasturtea hasi zenetik hainbeste aldatu al da?"

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo