GARA > Idatzia > Kirolak

Nazabalek eta Lopezek lehen txartela lortu dute

Nafarroako bikoak ez zuen hutsik egin, eta aurreikuspenak beteta mendean hartu zituzten Anjel Arrospide eta Fausto Mugertza gipuzkoarrak

Floren Nazabalek eta Juanjo Lopezek lortu zuten atzo Dulantzin Urrezko Aizkorako Binakako finala jokatzeko txartela, Fausto Mugertza eta Anjel Arrospide mendean hartuta. Oso jende gutxi batu zen lehen finalerdia ikustera.

Biko nafarra zen irabazteko faboritoa, baina agian uste baino errazago irabazi zuten, finalerdietako proba guztietako saio bat besterik ez baitzuten galdu.

Aizkolariak 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztuz abiatu ziren. Biko nafarrak 32 kolpetan erdibitu zuen enborra, eta gipuzkoarrak, berriz, lau gehiago behar izan zituen. Bigarren lanean, bina 45 ontzako moztu behar zituzten erlojuaren kontra, eta aizkolari bakoitzak enbor bat ebaki beharra zuen. Berriro ere Lopez eta Nazabal nagusitu ziren 1.29 izan zen euren denbora, eta 1.38 izan zen Gipuzkoako aizkolariek behar izan zuten denbora.

Hirugarren lanean, zutik bueltan bi metro dituen enborra moztu behar zuten, eta bi aizkolariek batera aritu behar zuten. Floren Nazabalek eta Juanjo Lopezek ez zuten hutsik egin, eta berriro ere irabazi egin zuten. Enbor handi hori erdibitzeko lau minutu eta segundo bat behar izan zuten, eta Anjel Arrospidek eta Fausto Mugertzak, berriz, lau minutu eta 37 segundo.

Laugarren lanean, oinbiko enbor bat moztu behar zuten txanda librean, eta berriro ere faboritoek irabazi zuten. 2.30 izan zen beren denbora, eta galtzaileena, berriz, 2.38. Azken-aurreko lanean, aizkolariek bi kana-erdiko moztu behar zituzten bat zutik, eta bestea etzanda jarrita, eta bakoitzak bana moztu beharra zeukan. Hortxe heldu zen gipuzkoarren lehen eta azken garaipena, Mugertza eta Arrospiderena. 4.15 izan zen beren denbora eta nafarrena, berriz, 4.40. Lehen galduta zuten denbora asko berreskuratu ahal izan zuten, eta garaipena lortzeko itxaropena indartu egin zuten.

Ezusterik ez


Azkeneko lanean, lau 60 ontzako eta bi kana-erdiko moztu behar zituzten. Nazabal eta Lopez aurretik sartu ziren azkeneko saiora, baina lehen zuten alde nabarmena asko gutxitu zitzaien azken-aurreko lenean, eta bietako edonork lor zezakeen garaipena.

Nazabalek lan handia egin zuen, eta Lopezek ongi lagundu zion, eta gipuzkoarrei ez zieten inolako aukerarik eman. Hastapenetik gipuzkoarrak eusteko modua egin zuten, baina nafarrak apurka-apurka aldea ateratzen joan ziren, eta amaieran garaipena eta finalerako lehen txartela eskuratu ahal izan zuten. 10 minutu eta 42 segundo behar izan zituzten nafarrek, eta Mugertzak eta Arrospidek, aldiz, 11 minutu eta 22 segundo. Saio guztiko probak amaitzeko, 22 minutu eta 54 segundo behar izan zituzten Floren Nazabalek eta Juano Lopezek, eta 24 minutu eta 6 segundo Mugertzak eta Arrospidek.

Beraz, Nazabalek eta Lopezek lortu dute finalerako txartela, eta orain aurkaria zein izango duten jakitea falta dute. Horretarako astebete itxaron beharko dute, izan ere, datorren igandean neurtuko baita Larretxea- Barberena bikoa Olasagasti-Peñagarikano bikoaren aurka.

Joxemari Olasagasti min hartuta egon da, eta orain arte lehiatu ezinik egon bada ere, datorren saioan bertan izatea espero da. Aurreko jardunaldian Luix Txapartegik ordezkatu zuen, baina oraingoan bera izango da, azken orduko zerbait gertatu ezean behintzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo