Aranburuk hastapenetik amaierara arte izan zuen mendean Larretxea
Jean François Aranburuk lortu zuen atzo Pausoan Bakarkako Txapelketan aurrera egiteko txartela, Olivier Larretxea 45 minututan 40 eta 31 menderatuta.
Partidan ongi hasi zen Larretxea, 0-4 aitzineratu baitzen, baina hortik aurrera Aranburu nagusitu egin zen. Zuraidekoak bere indarra erakutsi nahi izan zuen; aurkariaren adina zela-eta, bera akitu nahi izan zuen, baina Aranburu maisua da bakarka jokatzen, eta bere teknikarekin erabat menderatu zuen Larretxea. Markagailuak bestelakorik eman balezake ere, pilotari hendaiarrak erraz eraman zuen partida.
Honako hauek izan ziren partzialak: 0-4, 4-4, 6-6, 7-7, 18-10, 21-12, 29-19, 33-22, 36-25, 39-28 eta 40-31. Aranburuk hamalau kintze gin zituen saketik, baina hiru falta ere egin zituen. Larretxeak, aldiz, lau kintze egin zituen botetik, eta bi falta ere bai. Aranburuk, Ezkurra II.aren aurka jokatu beharko ditu final-laurdenak.
Bakarkako Txapelketak gaur izango du jarraipena, Arrangoitzen, 17.00etatik aurrera beste bi kanporaketa erabakiko baitira. Lehen partidan, Etxeto eta Errekart lehiatuko dira. Lehenengoak ez luke arazorik izan behar aurrera egiteko. Ez da gaurkorako bakarrik faboritoa, adituen ustez, bera eta Ozafrain omen dira-eta Ezkurra II.ari aurre egin diezaioketen bakarrak. Bigarren partidan, aldiz, Idiart eta Maite neurtuko dira. Panpi Idiartek iaz lehiaketa bikaina egin zuen, eta bakarka asko jokatzen duen horietakoa da. Bera aterako da partida honetako faborito.