GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Udalen hizkuntza politikaren neurketa

Pernando Barrena, Karmele Aierbe, Iñaxio Agirre

Kontseiluak udalerrien hizkuntza-politikaren neurketa egin du. Euskal Herriko 2.000.000 biztanleri zuzenean eragiten dien hainbat hizkuntz politikaren neurketa burutu da. Batasunak Kontseiluaren lana eskertzen du eta partaide guztiak zoriontzen ditu tresna aproposa delako hizkuntz politika eraginkorragoa bideratzeko; animatzen ditu Euskal Herriko administrazio-zatiren botere ezberdinak, eragile sozialak eta euskalgintza Kontseiluarekin lankidetza efizientea bultzatzera, guztion ekarpena ezinbestekoa delako Euskal Herri osoan.

Udalerri bakoitzak lortutako puntuen arabera egin da udalerrien hizkuntz politiken sailkapena. Puntuazioari dagokionez  0 puntu izateak esan nahi du hizkuntz politikak euskarari    inolako tarterik ez diola eskaintzen eta 10 puntu lortzeak euskara hutsezko jarduna definitzen du. 7 puntuk zehazten dute euskara lehenesteko Udalak egiten duen ahalegina, hizkuntz eskubideak bermatzeko gutxieneko maila.

Emaitzei dagokienez esan, batetik, hizkuntz politikaren rankinean zazpi aurrenekoak Azpeitia, Lekeitio, Tolosa, Bergara, Orio, Gernika eta Ondarroa dira, baina horietako bakar bat ere ez da 7 puntu eskuratzera iristen. Hau da, Euskal Herriko udalerrien hizkuntz politikarik oneneek ere ez dute hizkuntz eskubideak bermatzeko gutxieneko mailarik lortzen. Bestetik, rankinaren azken postuan daude, euskara ofizialkide den lurralde-zatian kokatutako udalerriak -Portugalete (PSE-EE), Santurtzi (PSE-EE) eta Barakaldo (PSE-EE)- esate baterako, euskararen kontrako jarrera nabarmena erakutsiz; eta Bilbok (EAJ) -Euskal Herriko hiribururik populatuena- lortutako puntuazioa oso eskasa da. Azkenik, euskara ofiziala ez den lurralde-zatian Baiona (UDF) da rankinean azken-aurrekoa 65. postuan.

Kontseiluaren neurketak erakusten du alderdiek ez dutela hizkuntz politika homogeneorik egiten. Topikoak hausten ditu azterketak. Izan ere, PPk kudeatzen duen Gasteizek (3,55) Bilbo (2,61) baino puntuazio hobea lortzen du eta PSNko batzuk, nahiz eta euskara ofiziala ez izan, altuago daude PSEk kudeatzen dituen beste batzuk baino. Eta ondorio nagusia da udalerri bakar batek ere ez dituela euskaldunen hizkuntz eskubideak bermatzen.

Horiek horrela, menpeko hizkuntz politikek ez dute lortu inon ziurtatzerik euskaldunen hizkuntz eskubideak. Ez udalerri euskaldunenetan -UEMAren estatutuak Espainiak debekatu ditu eta Frantziak ez ditu onartzen-, ez eskualdeburuetan, ez hiriburuetan. Batasunak urteak daramatza ohartarazten menpeko hizkuntz politikekin ezinezkoa dela euskalduntzerik Euskal Herria. Euskararen normalkuntza bultzatzen duen indarra trabatzen duena baino txikiagoa delako.

Kontseiluak egin duen azterketa honen datu objektiboek Batasunaren baieztapen hori berresten dute. Eta ez dira datu objetibo bakarrak. Adibidez, azken 25 urteko eskola-ereduen sistemak porrot egin du. Eskolak euskaldundu ez dituen milaka eta milaka herritar horiek euskararen eragozle, euskaldunen eta Euskal Herriaren hizkuntz eskubideen urratzaile izango dira bizi diren beste 80 urteetan. Euskaraz egiteko ulertu egin behar gaituzte; eta ulertuko ez gaituztenez, erdara inposatzen jarraituko dute euskal gizartean, komunikazio-sare guztietan, Euskal Herriaren kohesio soziala eta nazionala galaratzen.

Hizkuntza Politika Berria gauzatzeko garaia da, euskararen inflexio puntuaren lan-ildoak indarrean jartzeko eta garatzeko. Horretarako derrigorrezkoak dira adostasun politikoa, ofizialtasunaren lege berria, inflexio puntua auzolanean garatzea, kontzertazio politiko, sozial eta instituzionala gauzatzea, zenbaiten mesfidantza gainditzea...

Batasunetik Euskal Herri osoko herritarrek askatasunez erabakitzeko eskubidea erreklamatzen dugu Hizkuntza Politika Berria berehala indarrean jartzeko. Euskaldunok etxean arrotz izateko garaiak eta bigarren mailako herritarrak izateko egunak buka daitezen. Iritsi da unea hizkuntzen arteko berdintasunaren agenda aplikatzeko, -gaztelaniaren eta frantsesaren inposizioa amaitzeko, elebitasun sozialaren bide faltsua baztertzeko eta euskarari lehentasuna emateko-, Euskal Herriaren eta euskal herritarren hizkuntz eskubideak errespeta daitezen.

Bihotz zabalak izan behar dugu Euskal Herriko erdal komunitate frantsesa eta espainolarekin, eta iristen ari diren komunitate berriekin. Baina, jakin badakigu, elebitasun soziala euskararen heriotz zigorra dela. Etnozidioaren estalkia eta zuribidea. Guztiok jakin behar dugu, euskararen arazoa konpontzeko, euskarazko jardunbidearen aldeko apustu garbia egin behar dugula, egunerokoan, goizetik gaueraino, Euskal Herri euskaldunaren ikuspegiarekin.

Euskal Herrian elebitasunaren, mestizajearen edo eleaniztasunaren definizio zilegi ba- karra zazpi herrialdeetan euskarazko bizimodu soziala bermatzen duena da. Hizkuntz eskubideak bermatzeko Hizkuntz Politika Berria behar da Euskal Herri osoan, behetik gora eraikia; gizarteko eragileen partaidetzarekin; entitate, enpresa eta elkarteak euskalduntzen dituena; gizartetik erakundeetara adostasun politikoa, soziala eta instituzionala bideratzen eta udalerrietan biltzen duena; udalerrietako indarrak metatzen dituena, Euskal Herri euskaldunaren bidean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo