GARA > Idatzia > Txokotik

Parapraxia nuklearra

Mikel Aramendi - Kazetaria

Estatu-sekretuen porlan armatuari iskin eginez egiaren usaina guganaino hel dadin zilegitzen duten argibide bihurtzen ari dira isilpeko egitate horien jabe diren agintari ahobero edo burugabeenen lapsusak eta antzekoak. Batez ere arma nuklearrei dagokienez. Bestela ukatzen zaigun informazio fidagarria zipriztin bakan baina egiati batzuekin ordeztu nahi balute bezala. Uste dut parapraxia deitzen diotela psikologian.

 Olmert israeldar lehen ministroa izan zen horietakoa, iragan den abenduaren lehen egunetan, burua bestelako kezka batzuekin gainezka zeukalako edo, Alemaniako telebista kate bati eskainitako elkarrizketan hitz lauz onartu zuenean Israel arma nu- klearren jabe zela. Hain zen larregia hanka sartzea (duela hiru hamarkadaz geroztik mundu guztiak ziurtzat jotzen dituen, eta M. Vanunu-ren salakuntzak duela hogei urte argiro egiaztatu zituen arma horien izatea anbiguotasunaren itzalpean mantentzea Israelen estrategia nu- klearraren giltzarrietako bat da, bere inguruko beste herrialde batzuen eginahala nuklearren kontrako presioan aliatuak edukitzeko era bakarra delako), ze opo- sizio eskuindarrak ere ez zuela oso aintzakotzat hartu nahi izan hutsegitea. Eta itzulpenaren nahasmena izan zela errepikatuz isilarazi nahi izan zuten dena.

 Orain, Chirac izan da kasik latzagoa egin duena. Mendebaldeko idatzizko hedabide ospetsuenetako hirurekiko elkarrizketan, Iranek arma nuklearrak eskuratzeak suposa dezakeen arriskua gutxietsi egin du, esanez irandarrek pare bat bonbatxo edukitzea ez litzatekeela oso arriskutsua, Israelen aurka erabili nahiko balitu «haiek abiapuntutik 200 metro urrundu baino lehen suntsitua izango litzatekeelako Teheran". Irandarren eginahalaren benetako arriskua, urrats horrek arabiar edota egiptoarrengan eduki dezakeen bulkadan omen legoke, Chiracen ustez.

Argitaratu den bezain azkar ezabatu/konpondu nahi izan duten ahoberokeria horretan, hutsegite diplomatikoaren gor- dintasuna nabarmendu dute gehienek, Mendebaldeko agintari guztiak Ahmadinejaden ahaleginak zapuztea hil edo bizikoa dela sinetsarazi nahi digutenean. Bost axola dit niri horrek. Laprastadaren beste aldeei erreparatzen diet nik. Arma nuklearrak hirien aurka erabiltzeko prestutasuna, batetik. Nuklearizazioa Israelen atariraino heltzea dela mendebaldarren benetako beldurra, bestetik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo