GARA > Idatzia > Ekonomia

Markak hautsi ditu olibaren azken uztak, 15.300 tona jaso baitituzte

Olibaren azken kanpainak marka guztiak hautsi ditu Nafarroan. Herrialdeko hamahiru dolareetan jasotako datuak hartu dituzte kontuan, baita ekoizle nafarrek beste dolare batzuetara eramandako kantitateak ere, hala nola, Tarragonara, Balbuentera edo Alfarora. Nafarroako Gobernuak eman dituen datuen arabera, guztira 15.300 tona eman du 2006ko uztak, eta hori «errekorra" dela adierazi du Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak.

 Izan ere, 2005. urteko uztak utzi zituen zenbakiekin alderatuta, azken uztak %200eko gorakada izan du. Gainera, jatorriari erreparatuta, 5.400 tona Erribera beherako zazpi dolareetan ataratakoak dira, eta gainerako 9.900 tonak erdialdekoak eta Lizarraldeko sei dolaretakoak dira.

Eremu landatuen errendimenduak ezberdinak izan dira, Nekazaritza Departamentuak azaldutakoaren arabera, barietatea, heldutasuna eta lantzeko mota baitira mozkinetan eragiten duten hiru faktore nagusiak.

Orburua, egoera larrian

Bestalde, Nafarroako Gobnernuko Nekazaritza Departamentua kezkatuta dago orburu edota kardu uzten egoerari dagokionez. Gobernuak esan duenez, azken egunetako izotzaldi gogorrek lur landu horien egoera txarra areagotu dute, abenduan izan ziren izotzek eragindako kalteetatik irteten ari zirelako azken tenperatura hotzek hartu dituztenean.

Izotzaldiek ereintza ugari atzeratu dituzte. Eguraldia hobetzeko zain daude, besteak beste, ilarrak, tipulak eta zizerbak. Era berean, izotzak eragina izan du beste landare askotan ere. Azalore edota brokoliari dagokionez, orban ilunak sorrarazten dituzte izotzaldiek, eta kalitatea kaltetzen ez badute ere, merkatuan itxura galtzen dute jendaurrean.

Abeltzaintzan ere eragina izan dute azken elurteek, herrialdeko iparraldean abereei elikadura osagarria eman behar izan baitiete, batez ere zaldiei eta ardiei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo