GARA > Idatzia > Gaurkoa

Batasunaren proposamen «berria"

Martin Aranburu Carrera | EAko zuzendaritzako kidea

Aste honetan publiko egin du Batasunak gatazka gainditzeko proposamen «berri» bat. Gainditu beharreko blokeoak egon badaudenez, nire zoriona egoera desblokeatzeko baliagarri izan daitekeen edozein planteamenduri. Halere, proposamena aztertu eta gero, artikulu hau egitearen beharrean ikusi dut nire burua, euskal independentista legez eta Eusko Alkartasuneko kide legez.

Horra 2000. urtean Eusko Alkartasunak liburu gorrian publiko egindako planteamendu politikoa: «Euskalherria autodeterminazio eskubidearen subjektua eta jabea da, eta horren arabera, beste herriekin duen erlazioa erabakitzeko burujabetasuna dagokio».

Herritarrei dagokie eskubideaz baliatzea, eta horretarako geure erakundeek hiritartasunaren autodefinizio proiektu bat planteatuko dute.

Autodeterminazio estrategian gizartearentzat traumatikoa ez den bide batez eta gizartearen atxikimendu maila handiena lortuz bide baketsu eta eraginkorretatik aurreratu gura badugu ahaleginak sendotu behar ditugu negoziazio eta akordio giro bat ezarri ahal izateko.

EAk, Estatutuak berak beraren Xedapen Gehigarrian egiten duen bezalaxe, argi eta garbi adierazten du egungo erakunde-erregimena onartzeak ez dakarrela Euskal Herriaren beste zenbait eskubideri uko egitea, eskubide hauek `historikoak', `autogobernu-erreserba', `burujabetasuna' edo beste edozein adierazpenekin izendatuz. Beraz, eta are gehiago trantsizio-prozesu batean, ez ditu hausturaren aldeko jarrerak bultzatuko. Beraren jarrerak egungo autogobernu-maila handitzearen aldekoak izango dira, geure nazio -eta politika- eraikuntza propioak lortzeko.

Euskal Herria Iparraldeak eta Hegoaldeak osatutako lurralde gisa burujabetasuna lortzeko trantsizio- eta bideratze-ildo honi jarraiki, eta gaur egun duguna abiapuntutzat hartuz, baliteke denbora jakin batean erakunde-dualtasuna egotea, batez ere Hegoaldean.

Eusko Alkartasunak egitura kuasi-konfederal baten sorkuntza defendatzen du, gaur egun Euskal Herria osatzen duten hiru esparru sozio-politikoen errespetutik abiatuta -EAE, Nafarroa eta Iparraldea- gure Herriak behar duen kohesio politiko, sozioekonomiko eta kulturala finkatzen joateko eta lurralde batasun handiago batera mailaka eramango gaituen bide bat zabaldu ahal izateko. Hau burutzeko, esparru bakoitzeko herritarren borondatea une historiko bakoitzean errespetatuko duen mailakako prozesu bat ahalbidetuko litzateke, honela errealitate bihurtzen joateko gaur egun dugun markotik marko berri batera igarotzea.

Horretarako, ondoko egituren sorkuntza eta indartzea defendatzen dugu:

EAE-NFK Dieta: Erakundeek bultzatua eta Eusko eta Foru Legebiltzarretako ordezkaritza parekide batek osatuko duena. Organo legegile honek erabakiak elkarrekin hartzeko berdintasunarekin jardungo du eta adosten diren gai guztien gainean eskumena eta ahalmena izango ditu.

EAE-NFK Kontseilua: Dieta, amankomuneko egitura legegile legez, aiurri administratibo-betearazleko erakunde-organo batez dotatuko da, Kontseilu deitua eta Nafarroako eta EAE-ko betearazleetako delegatuez paritarioki osatua. Erakunde-organu honek, berdintasun eta koerabakitze egoera oso batean, adosten diren gaiei buruz jarraibideak, akordioak eta gomendioak ezartzeko eta Europar esparru komunitarioan ikerketak eta azterlanak bultzatzeko eskumena izango du.

`Dieta' Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko herritarrek berretsi beharko dute, erreferendum ezberdinen bitartez.

Hegoalde-Iparralde kooperazio organua: organu honen lurralde esparrua Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Lapurdi, Behenafarroa eta Zuberoaz osatua legoke, eta bere funtzioak amankomuneko interes bat dagoen gaietan elkarrekin politikak zehaztea eta garatzea litzateke. Bere funtzioak aldiz honakoak:

-Kultura, hizkuntza politika eta hedabideak.

-Hezkuntza.

-Gai ekonomiko, tributario eta administratiboak.

-Industria, landa eta turismo garapena.

-Nekazaritza eta ingurugiroa.

-Lurralde antolamendua eta azpiegiturak.

-Osasun gaiak.

-Segurantza eta hiri babesa.

-Kanpo harremanak...

Udalbiltza: Udal oinarria duen Euskal erakunde nazionala izanik, hautetsiak eta udalak bertan borondatez egonik, beraren iharduera eta funtzionamendua honako gaietara zuzenduko da:

-Euskalherria nazio legez existitzen dela baieztatu.

-Euskal lurraldeetako udal ordezkariak marko bakar batean biltzeko helburua.

-Lurralde guztietako udalerrien arteko harreman eraikitzailean sakontzea.

-Nazioarte mailan, Euskal Herriaren existentzia nazio aske eta desberdin bezala».

Artikulu honen helburua ez da inori dominarik ematea. Politikan dominak botu-emaileek ematen dituzte. Helburu sakonagoa da nirea: herri honentzat planteamendu baliagarriak egin dituen proiektu baten defentsa baizik. Oso zaila izan da gure ibilbidea azken urteetan. Izan ere, proiektu baten pisu politikoa ez litzateke lortzen dituen emaitzen arabera neurtu behar, herri baten eguneroko politikoan duen eraginagatik baizik. 2000. urtean debatitu, adostu eta publiko egindako planteamendu batek gaurkotasuna lortu du ezker abertzaleak planteamenduarekin bat datorrelako. Bejon deigula denoi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo