GARA > Idatzia > Jo puntua

Mina sortzen duten argazkiak

Lehentasuna ez da ezagutzea nork atera dituen hainbeste min sortzen duten argazkiak, baizik eta egoera horri eta beste batzuei irteeraren bat bilatzea

 

Ez naiz inondik inora Edward S. Curtis bat sentitzen baina argazki zalea naizenez, beteta dauzkat bildumak, CDak eta enparauak, memoriak huts egiten didanerako, gogoratzeko uneak, arbasoak, lagunak toki ezkutu eta zoragarriak... horrexegatik ditut irudi izoztuak, berdin zait kameralari famatua ez den batek ateratakoak diren ala ez, ez dit axola izenak baloratzeko lortutakoak, funtsezkoa da ikusten den horretan sartzea eta bizitakoak berriz bizitzea.

Honi uko eginez eta horrelakorik pentsatzea ez delako komenigarria akaso, Iñaki De Juanari ateratako argazkia ikusi ondoren harrotu dira Espainiako komunikabideak, politiko sasi-demokratak eta epaileak, besteak beste. Badirudi argazkian agertzen den giza eskubideen kontrako jokaera aztertzea baino beharrezkoagoa dutela berriro mezularia atxilotzea, argazkilari ezkutua, genekienari irudia eman diona.

Guantanamon dauden atxilotuekin normaltzat hartzen ditugun torturak hemengo norbaiti gertatzea ezinezkoa egiten zaigu, baina orain iruditan ikusi dugunarekin guztiok aspalditik egiatzat ematen genuena gauzatu da; ozen esanda, Españan ere legalki eta normalki, eta ohizkoa dela giza eskubideak inorentzako aldarrikatzea baina ez aplikatzea, besteak beste, «euren» euskal herritar presoei.

Lehentasuna ez da ezagutzea nork atera dituen hainbeste min sortzen duten argazkiak, baizik eta egoera horri eta beste batzuei irteeraren bat bilatzea, azkenean guztion eskubideak daudelako zapalduta. Ziur nago inork ezin duela normaltzat hartu inoren sufrimendua nahiz eta, sarritan, itsukeriak horretara bideratzen gaituen, azken finean inork ez baitu gura bere buruarentzat besteek pairatzen dituzten sufrimenduak.

Ziurrenik guztiok daukagu zerbait aldatzeko edo konpontzeko, eta une latzak dira, denbora eta borondatea kontuan izatea beharrezkoa da zerbait konpontzeko, eta hori guztion kontra doan zerbait bihurtu zaigu. Baina adi egon daitezela gobernukoak, jakin beharrean daudelako estatu batek beldurra sortzen duenean, legeak edonola erabiltzen dituztenean, egokituz zigortzeko beraien ustean etsaiak direnak, edo ez dituztenean bermatzen herritarren eskubideak, estatu hori terrorista bihurtzen dela.

Azkenean eurek bultzatzen duten joko demokratikoa ere kolokan dago, berriro adibide eta argazki asko daudelako. Guztiok gogoratzen ditugu Cresporen ezkutuko irudiak. Garai haietan gobernukoek ere demokrazia hitza erabili zuten.

De Juanaren argazkia oso gogorra da, betirako geratuko zaiguna memorian. Ez dezagun ahaztu betetzen ari den zigorra artikulu bi idazteagatik izan dela. Berriro ere kanpotik errazago ikusi dute adierazpen askatasun eza eta giza eskubideen zapalketa eta mespretxua. Artean sasoi bateko bakezale asko galduta dabil antzinako argazkiak ikuskatzen eta garai pozgarriagoak gogoratzen, isilik geratu dira, baita nahastuta eta noraezean ere.

 

Josu Imanol Unanue Astoreka | Gizarte ekintzailea

 

 

 

 

 

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo