GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Independentziaz bizi nahi duen gazteria bat da Euskal Herrikoa"

Gari MUJIKA |

 

Gaztesarea proiektu komunikatiboan dihardu lanean buru-belarri Jon Telleriak eta, gazte mugimenduaren zerbitzura dagoen bitartekoa izanik, naturaltasunez ulertzen du interneteko gazte atarian «Euskal gazteria aurrera» manifestua eskegi izana. Dagoeneko hiru mila seiehun atxikimendu jaso ditu idatziak, eta horiek dira bihar, 17:30tan, Donostian egingo den manifestazioaren deitzaileak.

«Ez dugu zalantzarik milaka pertsona batuko direla bihar Donostian», dio Telleriak, aldi berean euskal gazteriaren aldeko mobilizazioan parte hartzeko gonbita euskal gizarte guztiari eginez. Telleriaren esanetan, garrantzitsua da Gorenaren sententziak jazartzen duena argi salatzea.

 

Gazte mugimenduak «euskal gazteria aurrera» manifestua bultzatu du Segiren aurkako epaia dela-eta. Nondik nora sortu da idazkia?

Segi «terrorista» izendatzen zuen sententzia kaleratu orduko, Segik berak elkarrizketa dinamika bat abiatu zuen gazte mugimenduan aritzen garen eragile desberdinekin; horien artean Gaztesarearekin. Harreman horretan hainbat konpromiso eskatu zizkiguten sententzia hori burutzea ekiditeko edo behintzat, aurre egiteko asmoz. Gure eremua gazte mugimendua da eta hor aritzen garen hainbat eragileren artean osatu genuen oinarri-oinarrizko ideia bat jasotzen duen manifestua.

Sarean, interneten jarri genuen manifestua eta batez ere gazte mugimenduari egin genion deia bertan jasotzen dena babesteko, manifestuaren harira, hainbat ekimen bideratzeko konpromisoa hartuz. Horren baitan kokatu dira joan den astean deitua zegoen kontzentrazioa eta biharko deitua dagoen manifestazio nazionala.

Gaztesarea gisa eman diozue atxikimendua manifestuari.

Gaztesareak berak duen izaeragatik bazegokiola iruditu zitzaigun. Gazte mugimenduari tresnak ematea da gure helburua, bertan parte hartzen baitugu, eta berau gorpuzte aldera bitartekoak eskaintzea dugu xede. Eta egoera horren aurrean ere gauza bera egin genuen, gure tresna eta baliabideak, internet batez ere, dinamika horri babesa emateko aukera gisa eskaini atariaren bidez. Uste dut gure aldetik nahiko naturala zela bide horri heltzea.

 

Denbora honetan, gainera, dagoeneko 3.000 atxikimendu jaso ditu manifestuak, ezta?

Hiru mila seiehun inguru badira, eta harritzekoa da oso. Izan ere, manifestu hori Gaztesarean dago soilik, baina interneten gaur egun gauzak nahiko arin zabaltzen dira eta horren erakusle izan dira leku ugaritatik iristen ari diren babesak. Bai norbanakoenak eta bai kolektibo desberdinenak; baita Euskal Herritik kanpokoak ere.

Euskal Herrian bertan agerian gelditzen ari da zein esparru zabal eta askotarikoa bildu nahi izan dugun, eta zein esparru zabalak arbuiatzen duen astakirtenkeria hori. Horren adibide dira zenbat bertso talde atxikitu zaizkion manifestuari, kultur elkarteak, gazte eragileak, etxebizitzaren alde ari direnak, gazte asanbladak, dantza taldeak... edozein esparrutako dozenaka eta dozenaka eragile atxikitu zaizkio manifestuari.

 

Astakirtenkeria diozu, lehen aipatu bezala joan den igandeko kontzentrazioa debekatua izan zelako, ezta?

Baita ere. Onartezina da eskandaluzko zein egoerara iristen ari garen hartu duten bide errepresibo horretatik.

Iritsi da momentua, aurreko igandean 3.000 eragile eta norbanakok babestutako manifestua soilik oinarri zuen kontzentrazioa galarazi izana, lehenbizi Segik deitua zela esanaz, eta hori argudiatzeko elkarretaratzerako deialdia Segiren pintada baten alboan zegoela esanaz. Eta bigarren deialdi baten aurrean, guk egin ez genuena, Herrizaingo Sailak dio eduki bera zuelako debekatu zutela. Une hori iritsita, egia esan, kezka bat sortu zitzaidan: lehenbizi, Segik deitu zuelako, eta bigarren argudioan, edukiak berak direlako. Orduan, sortzen den galdera da: zer da «terrorista» deklaratu dena, Segi edo-ta edukia? Independentziaren aldarrikapena? Aurreko igandeko lotsagarrikeria horrek nahiko agerian utzi zuen zer larritasun duen egoera honek, eta erakusten du hiru mila atxikimendu horiek azaldu duten kezkaren garrantzia, oinarrizkoa den mobilizatzeko eskubidea ere ukatu nahia. Hau da, oinarrizko eskubideak aldarrikatzeko eskubidea bera ere ukatu egiten zaio euskal gazteriari.

 

Diozunaren arabera asaldagarria bada gazte antolakunde bat «terrorista» gisa izendatzea, asaldagarriagotzat jotzen duzu bere aplikazioan are eta beste pausu bat eman izana. Eta kasu honetan Lakuak, ezta?

Hor dago larritasuna. Lehenbizi, manifestuan konpromisoak hartzean auzipetuak espetxeratzea salatzen da eta Segiri kalean aritzeko sortzen dioten ezintasuna. Baina hori baino larriagoa iruditzen zaigu aurrera begira zer norabidetan kokatzen diren; zer nolako argudioak darabiltzaten Segi «terrorista» izendatzeko, eta, ondorioz, zenbat eragileri edo talderi eragin diezaiokeen epai horrek berak.

Euskal Herrian, urte guzti hauetan, Segiz gain, makina bat proiektu sortu dira menpekotasunik gabeko herri bat, gizarte bat, eratzeko asmoz. Eta sententzia hau kokatzen den parametroetan, hori guztia dago ezbaian; etxebizitzaren alde egitea, prekarietatearen aurka... Egunero ikusten da gazteen aurka nolako erasoak ematen diren eta zein erraz ateratzen diren, gainera, agintariak poliziakideak bidaliz. Azkenean onartu ezin dutena herri honetan euren menpekotasunetik aparte bizi den eta bizi nahi duen gazteria bat dagoela da.

Independentziaz eta mundu aske batean bizi nahi duen gazteria bat dago hemen, eta horregatik jaso ditu manifestuak hiru mila atxikimendu baino gehiago. Bestela Segirena izango litzateke soilik, eta ez gazte mugimenduko ehunka talderena eta lagunena.

Jon TELLERIA
Gaztesareako koordinatzailea
Idiazabalgo gazteak urteak daramatza Gaztesarea proiektu komunikatiboan buru-belarri lanean. Gazte mugimenduak «Jarrai-Haika-Segi auzia"ren karietara osatu duen manifestua sustatzen aritu da web atarian; 3.600 atxikimendu inguru jaso ditu, eta horiek dira biharko manifestazioaren deitzaileak.
Epaia
«Agerian gelditzen ari da zer nolako esparru zabalak eta askotarikoak arbuiatzen duen epai horrek suposatzen duen astakirtenkeria"

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo