GARA > Idatzia > Ekonomia

Funtzionarioek lanpostuen alde egin eta soldata igotzeko eskatu zuten Baionan

Maria AIZPURUA |

 

Zerbitzu publikoko sindikatu gehienek (CGT, CFDT, FO, FSU eta UNSA) eta LABek deituta, ehunka funtzionario kaleratu zen, atzo, Baionan, Estatu osoan eginiko mobilizazio deialadiari jarraituz.

Hainbat esparrutan lanuzteak ere egin zituzten, baina ekintza bateratu nagusia Saint Esprit auzotik abiatutako manifestazioa izan zen. Giro euritsuan egin zuten manifestariek suprefekturainoko bidea, eta bertan FSUko kide batek irakurri zuen mezu bateratua, sindikatuen ordezkaritza bat bertan hartua izan aitzin.

Iazko eroste-ahalmena mantendu, 2007an aurrez ikusitako inflazio-mailan soldatak emendatzea, 2000z geroztik izan dituzten galerak (-%6) jasotzea eta soldata txikienak igotzea dira eskaera nagusiak. Horiekin batera, lanpostuen «beherakada masiboak» geratzeko eta zerbitzu publiko egokia izateko funtzio publikoaren estatusa errespeta dezatela eskatzen dute. Izan ere, biziki kezkatuak agertu ziren zerbitzu publikoak «egiten ari zaizkien erasoekin, herritarrentzat eta lurraldearen antolamenduarentzat funtsezkoak baitira».

 

Eskolen arazoa, presente

Ospitaleko, Postako, SNCFko eta beste esparruetako langileak bertan ziren arren, irakaskuntzakoek egun gori-gorian duten arazoak hartu zuen gaina.

Berrikitan Hezkuntza Ministerioak eginiko egokitzapenak direla-eta, lanpostu ugari desagertuko da datorren ikasturtean, eta, horrekin batera, ikasgela ugari itxiko dute.

Intersindikalak, eta LABek bereziki, itxiera gehienak ikasgela elebidunetan jazoko direla salatu zuten. Sindikatu abertzaleak adierazi zuen: «Ez da onargarria Hezkuntza Ministerioak egin nahi dituen murrizketak eta diru-aurreratzeak euskarazko irakaskuntzaren bizkar izatea».

Ikasle Abertzaleetako hainbat kidek ere «Eskolan euskara denontzat» eta antzeko aldarrikapenak zituzten txartelekin parte hartu zuten atzoko manifestazioan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo