GARA > Idatzia > Kirolak

harri-Jasotzea Harri baldarrak

Bederatzi kirolari arituko dira Albizuri Handiarekin lehian

Goenatxo da azkeneko txapelduna, eta marka ere berea da 15 jasoaldirekin

Jon LEUNDA | DONOSTIA

 

Bederatzi harri-jasotzaile arituko dira bihar arratsaldean, Amezketako pilotalekuan, 16.00etan, bertako harri baldar Albizuri Handiarekin antolatu duten lehiaketan. Honako hauek parte hartuko dute: Izeta II.a, Izeta III.a, Goenatxo, Ostolatza, Landarbide, Elosukorta, Eizmendi, Urpe eta Goikoetxea. Hamar minutuko txanda bat izango dute lanerako, eta saio bat amaitu eta bestea hasi bitarte, hiru minutuko tartea egongo da. Kirolariek harria ez aurretik ez eta egunean bertan ere ez dute ukitzerik izango, saioa hasi baino hiru minutu lehenagora bitarte.

Historia handia duen harria da Albizuri Handia. 165 kilo pisatzen ditu, eta harri baldar gehienen moduan, oso zaila da jasotzeko. Zailtasun hori areagotu egiten da pisua ere handia baitu.

Lehiaketa horretako markarik handiena Goenatxo II.ak dauka. Izan ere, 15 aldiz jaso baitzuen 1996. urtean. Orduantxe egin zuten azkeneko aldiz harri horrekin lehiaketa hori. Aurretik, 1990. urtean jokatu zuten, eta orduan Gibitegik irabazi zuen 14 jasoaldi emanda. Urte hartan ere Goenatxok 14 jasoaldi eman zizkion, baina goiaztarra aurretik aritu zen lanean, eta berak jantzi zuen txapela.

Hirugarren marka, berriz, Perurena I.ak dauka, eta berak 13 jasoaldi dauzka. Errekartetxo izan zen harri hori lehenengo aldiz jaso zuen harri-jasotzailea, 1947. urtean. Aurretik inork ezin izan baitzuen jaso.

 

Goenatxo

Harri hori inork ongi ezagutzen baldin badu, hori Goenatxo II.a da. Berea da marka, eta berea da harri horrekin egin zuten azkeneko lehiaketako txapela. Berak argitu zuen nolako harria den. «Harri zaila da, harri baldar askoren moduan, baina honek pisua ere handia dauka. Lurretik ateratzea kostatzen da gehien, gero behin belaunetan jarriz gero, aurrera egin daiteke, baina hala ere, zaila izaten jarraitzen du», adierazi zuen azkoitiarrak.

Harri baldarrekin egiten diren lehiaketa guztietan ezagunenetakoa Igeldo Harriarekin egiten dena da, berarekin urtero egiten baitute lehiaketa. Horrekin ere txapelak jantzitakoa da azkoitiarra, baina hark Albizuri Handiarekin ez daukala zer ikusirik esan zuen: «Oso-oso ezberdinak dira. Begiratu besterik ez dago zer-nolako markak egiten diren harri batekin eta bestearekin. Hau askoz astunagoa da», esan zuen kirolari azkoitiarrak.

Goenatxok harri baldar askorekin egin du lan, baina topatu duen zailena Arrasatekoa omen da. «Hura oso zaila da, nik jaso ditudan guztietan zailena. Gainera, 218 kilo pisatzen ditu, eta oso zaila da. Amezketako hau ere zailenen artean dagoela esan behar da», aitortu zuen Juan Joxek.

Albizuri Handia, ordea, sona handiko harria da. Azkeneko aldiz, orain dela lau urte eta erdi plazaratu zuten. Orduan, Aimar Irigoien aritu zen berarekin marka bat egiten, eta egin ere egin zuen, lau aldiz berdindu baitzuen bizkarraren gainean, eta 16 urte besterik ez zuen. Ordutik geldirik egon da harria, eta kirolariek ez dute ikusterik ere izan. Ez dute sai0a hasi baino hiru minutu lehenagora bitarte harria ukitzerik ere izango. Hala eta guztiz ere, doazen gehienek ezagutzen dute harri hori, eta ez zaie arrotza egingo, nahiz eta batzuk ere lehen aldiz jasotzeko asmotan joango diren Amezketara.

 

Aimar Irigoien gaixorik dago eta ez da arituko
Aimar Irigoien errezildarra ere bertan zen izatekoa biharko saioan, baina ez da izango. Gaixorik dago, eta ezinezkoa izango du gaur Amezketan jokatuko duten saioan egotea. Jendeak harengan itxaropen handiak zituen hamasi urte zituenean lau aldiz berdindu baitzuen harri baldar hori bizkarraren gainean, eta faboritoen artean zegoen, baina ez du joateko modurik izango. Hasiera batean, eta azken orduko ezusterik ez bada, gainerako harri-jasotzaile guztiak bihar Amezketako pilotalekuan arituko dira txapela janzteko asmoarekin. Jon LEUNDA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo