GARA > Idatzia > Kirolak

Urrezko Aizkora Idi-probak

Txapartegik beteko du Olasagastiren lekua Txausonen idien marka apurtzea da helburua

J.L. | DONOSTIA

 

 

Joxemari Olasagasti ez da osatu, eta ez da arituko etzi Espejon jokatuko duten Urrezko Aizkorako bigarren finalerdian. Lekukoa, aurreko saioan bezalaxe, Luix Txapartegik hartuko du, Joxemiel Peñagarikanorekin batera arituko da. Aurrez aurre, berriz, Joxejuan Barberena eta Donato Larretxea izango dituzte (12.00).

Larretxea eta Barberena izango dira irabazteko faboritoak. Lehen multzoan onenak izan ziren; jokatutako saio guztiak irabazi zituzten. Txapartegi eta Etxebeste menderatu zituzten lehen sioan, eta Mugertza eta Arrospide, bigarrenean.

Taxapartegik eta Peñagarikanok saio bakarra jokatu dute, eta galdu egin zuten Lopezen eta Nazabalen aurka. Izan ere, B multzoa oso berezia izan baita. Hasiera batean, Mindegia-Senosiain ere hor ziren, baina gero, Mindegiak min hartu zuen, baita Olasagastik ere, eta multzo horren etorkizuna kinka larrian geratu zen. Azkenean, gutxienez, saio bat jokatu ahal izan dute, eta azkeneko fasea normaltasun osoarekin jokatu ahal izango dute. Hori bai, txapelketan, Txapartegik bi bikotekiderekin jokatu behar izan du. A multzoan Etxebesterekin aritu zen, eta orain Peñagarikanorekin.

Sei proba egin beharko dituzte igandean, eta horietan denborarik gutxien pasatzen duenak irabaziko du. Hasteko, 45 ontzakoa ahalik eta kolperik gutxienean moztu beharko dute. Gero, bi 45 ontzako erlojuz kontra moztea izango da lana. Hirugarren lanean, biko bakoitzak bi metro bueltan dituen enbor bat moztu beharko du. Laugarren lanean oinbiko bat txanda librean moztu beharko dute. Bosgarrenean, bi kana-erdiko, bat zutik eta beste bat etzanda, eta azkenik, lau 60 ontzako eta bi kana-erdiko txanda librean.

 

23 urtez azpikoena

23 urtez azpikoen lehen finalerdia, berriz, bihar jokatuko dute Diman, 19.00etan. Bertan, Atutxa II.a eta Aldape Larretxea lehengusuen aurka neurtuko dira. Horiek ere hainbat proba izango dituzte, eta denborarik gutxien pasatzen duenak irabaziko du. Atutxa eta Aldape dira faboritoak.

Bigarren finalerdia, berriz, otsailaren 18an jokatuko dute Leitzan, Amazabal pilotalekuan, eta han Rekondo eta Erasun Mugertza anaien aurka neurtuko dira. Finalak hilaren 24an izango dira.

J.L. | DONOSTIA

 

 

Txausonek joan den astean egindako marka haustea izango da Abadiñoko proba ospetsuetako bigarren asteburuan arituko diren uztarrien nahia. Arabarraren idiek 59 untze, 1/2 eta 3,85 metro dauzkate eginak.

Egun batzuetako atsedenaren ostean, gaur itzuliko dira probak 22.00etan, Izetaren, Garroren, Erreistaren eta Lopategiren uztarriekin. Etzi, bi saio izango dira 17.00etan eta 22.00etan hasita, Ibañarrietaren, Erretenen, Illarretaren, Telleriaren, Usaistiren eta Etxaberen idiak arituko dira. Etzi, 17.00etatik aurrera, berriz, Basoarteren, Landazabalen eta Txertudiren idi pareak arituko dira. Azkeneko eguna astelehena izango da, eta orduan ere bi ekinaldi izango dira 17.00etan eta 22.00etan, eta honako idi hauek arituko dira: Andrakasen, Zerainen, Bikiaken, Letearen, Artolaren eta Balentiñeren idiak. Saio horiek jokatuta amaituko dira aurtengo Abadiñoko probak.

 

Astoak

Busturiako asto-probak ere amaieran sartuko dira. Joan den asteburukoen ostean, Intxaustiren astoa doa sailkapeneko lehen postuan, 71 untzerekin.

Bihar, 17.00etan hasita, Garciaren, Ormaetxearen eta Narbaizaren astoak lehiatuko dira. Etzi, 12.30ean eta 17.00etan, Urrolaren, Gorostiolaren, Intxaustiren, Satsibarren Maioraren eta Bilbaoren astoak arituko dira, eta denen helburua joan den asteburuan Intxaustiren astoak egindako marka apurtzea izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo