«Tinta sintetikoak paperean esperimentatzen aritu naiz hogei urte hauetan"
Joxean AGIRRE | ZUMAIA
Aralarko txabola batean paisajisten kontrako aurreiritziak gainditu zituen eta bere gaurko margolanak «paisaia abstraktu» moduan definitzen ditu. Iñaki Kruzeta izan zuen maisu. Zumetaren freskura eta ezustekoak emateko gaitasuna miresten ditu, baina Balerdirekin hartzen diote askok ahaidetasuna, nahiz eta ez zuen harekin harremanik izan. Gaur Ekainen zabalduko duen erakusketan formatu handiko 8 bat margolan eta ertaianeko beste 15 bat eskegi ditu.
Zer harreman izan zenuen txikitan artearekin?
Txikitandik izan dut esku ona marrazkirako eta 12 urte nituela Narzis Balenziagaren obra ezagutzeko zoria izan nuen. Hura ere Arroa Behekoa zen. Hamazazpi bat urte zituela tuberkulosia harrapatu zuen Narzisek eta gaixorik zegoela hasi zen margotzen. Oteizarekin eta Lekuonarekin batera gerra aurreko hirukote berrizalea osatu zuen Balenziagak. Anaia Joxe Ramonek eta biok erakuskesta antolatu genion auzoko Estankoan margolariak 80 urte ondo beteak zituenean. Handik urtebetera hil zen.
Zuk paisajisten aurkako aurreiritziak zenituela aitortu izan duzu.
Nik eta beste askok ere bai. Nire kasuan, Mailopen Gorritik antolaturik Aralarri buruzko erakusketa genuenean gainditu nituen aurreiritzi horiek. Ander Hormazurik eta biok egun batzuk eman genituen Aralarko Inazioren bordan erakusketarako margolanak egiten. Aralarko artzain zaharrena zen, eta da, Inazio. 80 urte izango ditu. Argindarrik eta urik gabe bizi da. Beheko sutan kafea berotu eta handik zurrut eginez egoten ginen, gauean berriketan eta egunez paisaiak margotzen nituen. Geroztik nire erreferentzia nagusia izadia da.
Bitxia da zure ibilbidea hain esperimentala izan eta erreferentziak izadian aurkitzea.
Inguruak markatzen gaitu. Nik Zumaiako Artadin dut tailerra eta horrek markatzen du nire pintura. Argi aldaketek, kolorearen ñabardurdek eragin zuzena dute.
Kontzeptua pixka bat behartuz, esan al daiteke zure azken margolanak paisaia abstraktuak direla?
Bai. Eta modu horretan interpretatzen ditu margolanak ikusten dituen jendeak ere. Izadian dauden osagarriak erabiltzen ditut, ez paisaia bera.
Noiz ohartu zinen pinturan hizkera baten jabe zinela?
Hogei urterekin handik eta hemendik hartzen dituzu adierazteko behar dituzun osagarriak. Denboraren poderioz hizkera propio bat sedimentatuz joaten zara eta gaur nire margolanek nortasun oso narbarmena dute. Propio lantzen saiatu gabe iritsi nintzen hizkera propio horretara. Neurri handi batean materialek ere baldintzatzen dute hizkera hori. Nik ez dut oliorik eta akrilikorik erabiltzen, tinta sintetikoak baizik. Olioak eta akrilikoak opakoak dira eta tintak eta akuarelak transparenteak. Badira 20 urte tinta horiekin esperimentzen ari naizela.
Zein euskarri darabilzu? Nondik abiatzen duzu margolana?
Paper zuriaren aurrean jartzen naiz, idazlea folio zuriaren aurrean bezala. Paper zuri horren gainean paper mota ezberdinen zatiak jartzen ditut, paper mota bakoitzak tinta modu ezberdina onartzen duela kontuan izanik. Paper mota ezberdinarekin eta tintarekin energia puntu edo fokoak lortzen hasten naiz eta puntu horien arteko orekak bilatuz osatzen da margolana. Margolanak berak agindu ahala egiten dut lana. Norbaitek pentsa dezake nekerik gabeko lana dela eta arrazoi du, baina lanaren poderioz lortu dut erraztasun hori.
Itzul gaitezen iraganera. Noiz erabaki zenuen margolari izatea?
Eibarko Unibertsitate Laboralean elektronika ikasi nuen, baina ordu gehiago ematen nizkion zeramikari eta 17 urterekin zeramika erakusten jarri ninduten. Handik Aiako tailerrera joan nintzen eta Arroa Behean zeramika egiteko labea jarria nuen Iñaki Kruzeta bilbotarra Arroa Goikora etorri zenean. Hark markatu zidan bidea. Harekin egin nintzen margolari.