GARA > Idatzia > Kultura

Lisabö taldeak «Ezlekuak" diskoa aurkeztu du, bosgarren lana

Tolosako Bonberenea etxean grabatutako diskoa dakar Lisabök. Lehenbiziko maketa taldeak ekoitzi ostean, Esan Ozenki Records, Acuarela eta Metak zigiluekin ere lan egin izan du, baina gazteek autoekoizpenaren bidea hartu dute berriro. Zuzenekorik ere izango da.

Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA

Lisabö taldeak bosgarren lana du «Ezlekuak». 2006ko abuztua eta azaroa bitartean grabatu, nahasi eta masterizatu dute diskoa; Tolosako Bonberenean eta Irunen, Karlos Osinagaren gidaritzapean sortutakoa da.

Azken lan horrek berrikuntzarik ere badu. Taldearen osaeran bertan legoke lehenbizikoa. Gaur egun, Karlos Osinaga (gitarra eta ahotsa), Ivan Zabalegi (bateria), Eneko Arazasti (bateria), Ion Yugueros (baxua) eta Javi Manterola (gitarra eta ahotsa) batzen ditu Lisabök. Izan ere, Javi taldera itzuli da «Amodio» egitasmoa aurkezteko hartutako atsedenaldiaren ostean. Beste alde batetik, argazkiari so egin eta Aida falta da bertan. Javi sartzean, Ivanek gitarrak utzi zituen, eta bateriara itzuli zen; hala ordezkatu dute.

Maite Arroitajauregik, aurreko lanetan bezala, txeloa jo du -zuzenekoetan aritzen ez bada ere, estudioko lanetan maiz izan da taldean-; eta Martxel Mariskal idazleak, berriz, hitzak egin ditu, musikarien aburuz, «ederki» islatzen baititu hitzetan musikekin esan nahi direnak.

Bestalde, lehenengo maketa taldeak ekoitzi zuen, eta Esan Ozenki Records, Acuarela Eta Metak zigiluekin lan egina da Lisabö. Baina disko berri honetarako berriz ere hartu du autoekoizpenaren bidea, eta horreta- rako Bidehuts izeneko zigilua sortu dute laguna duten Inoren Ero Ni taldearekin batera.

Bi taldeen lanak ateratzeko plataforma gisa aurkeztu dute Bidehuts. Lisabökoek esan dute: «Gure lanak geure kabuz osorik ateratzeko momentua iritsi da». Taldekideen iritziz, norberak argitaratzeak norberak nahi bezala lan egiteko aukera ematen du. Eta, ondorioa hauxe litzateke: `Ezlekuak' diskoak bi bertsio izango ditu: bata CDan eta bestea binilozko LPn -azken horrekin batera CDa ere banatuko dute doan, «biniloaren aldeko aldarrikapen garbia»-. Hori da, beraz, Bidehuts zigiluaren estreinako erreferentzia.

 

Funtsean, ildo beretik

Osterantzean, Lisabören nortasuna mantentzen duen diskoa dela adierazi dute gazteek, aldaketak forman akaso izan dituen arren, «esentzian ez» delako halakorik antzeman. Lanak jasotzen dituen kantei dagokienez, ez dute azalpen larregirik eman. «Agian kantak zuzenagoak, eta erritmoak azkarragoak» direla aipatu dute, baina ez askoz gehiago. Nolanahi ere, lan hori ezagutzeko beta zuzenekoetan izango dute zaleek. Taldeak 2002an jo zuen azkenekoz Bartzelonan, eta 2006ko abenduan Durangoko Plateruenan Anarirekin batera aritu zen oholtzan. Hilaren 15ean, berriz, kontzertua Donostiako Gazteszenan da, 21.00etan (6 euro).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo