GARA > Idatzia > Zinema

Ametsek errealitatea jaten duteneko muga

«La science des rêves"

Foo Fighters musika taldearentzat bideoa egiten ari zela otu zitzaion Michel Gondry-ri ametsek errealitatearekin duten loturari buruzko lana egitea. Maitasun eta fantasia mundua izan da hausnarketaren emaitza.

Amalur ARTOLA | DONOSTIA

Musika bideoak ekoiztetik dator Michel Gondryren sormenerako joera. Estatu frantziarreko arte eskola batean ari zela ekin zion lan horri eta epe laburrean lortutako arrakastak Björk-ekin lan egitera eraman zuen 1993an. Ordutik hona, Rolling Stones, Beck, Lenny Kravitz edota Foo Fighters gisako taldeen bideoak ekoiztera eraman du Gondry eta, zehazki, azken talde horrentzat egindako lanetik etorri zitzaion «La science des rêves» («La ciencia del sueño») filmaren ideia.

«Ametsak partekatzen dituzten bi gazteri buruzkoa zen bideoa, batak bestearen ametsen aurrean nola jokatzen zuen ikusi nahi nuen eta bi pertsonen arteko harremanean ametsek duten eragina istorio bilakatu nuen. Bestalde, harremanek ametsetan duten eragina ere aztertu nahi izan nuen». Ideia hori buruan, Gondryk Stephane ameslariaren eta bere bizilagun Stephanie-ren arteko maitasun istorioa irudikatu du filman.

Stephan (Gael Garcia Bernal) hazi zen Parisko etxera itzuli da bere amak lana eskaintzen dionean. Gazte sortzaile eta lotsatia da Stephan eta, maiz, irudimenari hegan egiten utzi eta ametsen mundua eta errealitatearen arteko muga gainditzear egoten da. Hori dela eta, aldaketak gauza kitzikagarriak ekarriko dituela eta bere bizitzak onera egingo duen esperantza dauka.

Gauzak, ordea, ez dira Stephanek pentsatu bezalakoak. Lanbide berria zein lankideak erabat aspergarriak suertatzen zaizkio eta, orduan, bere bizilagun berri Stephanie (Charlotte Gainsbourg) eta Zoe ezagutzen ditu. Hasiera batean Stephan etxe-aldaketaz arduratzen den langilea dela uste dute eta, gaztea, bere izaera lotsatia dela medio, ez da oker dabiltzala esatera ausartuko. Mutila gezurretan ere ez da oso trebea eta, beraz, bi neskek segituan jakingo dute egia.

Une horretatik aurrera, Stephan eta Stephanieren arteko maitasun istorioak hartzen du nagusitasuna eta mutilaren ahalmen sortzaileak inoiz baino indar handiagoa hartuko du. Eta bere bizitza errealean ere eragin nabarmenak izango ditu. Ameslari-sena gehiago garatuko du harremana etetean, Stephan ez baita gai izango Stephanierik gabeko errealitateari aurre egiteko. Eta gauzak gehiago okertuko zaizkio ametsen munduko irtenbideek bizitza errealerako balio ez dutela ohartzen denean.

Stephanen irudimenezko mundua animazio sekuentzien bidez irudikatu du Gondryk eta irudimena aske uzteak emaitza onak eman dizkiola uste du. «Film honen bidez nire burmuineko zati batean murgildu nahi nuen, inolako debekurik gabekoa. Hori da proiektu guztiaren giltzarria; ez ditut nire ideiak zalantzan jarri».

Filma Parisen grabatu da, Gondry bere semearekin eta honen amarekin bizi zen etxe berean, zazpi asteren buruan eta 35 mm-tan. Pelikula honek aurrez egindako lana laburbildu duela ere azaldu du «Olvídate de mí» filmagatik Oscar saria jasotako zuzendariak.

Oraingoz, filmak arrakasta lortu du Berlingo eta Sitges-ko jaialdietan -azken honetan ikusleen saria lortu zuen-, eta Sundancen ere proiektatu dute.

Ficha
Jatorrizko izenburua: «La science des rêves" («La ciencia del sueño"). Zuzendaria: Michel Gondry. Gidoia: Michel Gondry. Antzezleak: Gael Garcia Bernal, Charlotte Gainsbourg, Alain Chabat, Miou Miou, Aurelia Petit, Sacha Bourdo. Herrialdea: Estatu frantziarra-Italia. Iraupena: 105 minutu. Generoa: Fantastikoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo