EEPk sistemaren akatsak onartu ditu eta zuzentzen saiatuko da
Hurrengo ikasturteko eskola karta onartzearen eta irakaskuntza elebidun publikoak jaso duen kolpearen ondorioz, egungo sistemaren hutsuneak argi gelditu dira. Euskararen Erakunde Publikoak sistemaren akatsak onartu ditu eta aldatzen saiatuko dela esan du. 2007-2008ko ikasturteko postu beharrari erantzuteko ez du irtenbiderik proposatu.
Idoia ERASO |
«Euskararen Erakunde Publikoak dauzkan erantzukizun guztiak bere gain hartuko ditu, eta hau izanen da, dudarik gabe, 2007an eramanen dugun eginkizuneko erronka nagusietariko bat», adierazi zuen EEPko presidente Max Brissonek. Hala erantzun zien azken asteetan Ipar Euskal Herrian izan diren ikasle elebidunen gurasoen protesta eta manifestazioei.
«Irakaskuntza elebiduna garatzeak ekarri duen kudeaketa krisia» konpontzeko ikasleen kontaketa sistema «moldatu» behar dela adierazi zuen Brissonek, eta aurtengo eginbeharren artean aldaketa bideratzea izanen dela gehitu zuen. Etorkizunean erakundearen desmartxak ondorioak sor baditzake ere, heldu den ikasturtean irakasle lanpostu gutxiagorekin atzemango diren ikasle eta gurasoei EEPk ez zien erantzunik eman.
EEPren eta Hezkuntza Nazionalaren politiken artean dagoen inkoherentzia sarritan aipatu dute eskola kartaren lehen proposamena ezagutarazi zutenetik. Brissonek uztardura falta dela aipatu zuen: «Departamenduko lanpostuen murrizketak eragin nabarmena ukan du irakaskuntza elebidunean; botere publikoak eta Euskararen Erakunde Publikoak egin politika inkoherentzia handia dela adierazten du horrek».
Heldu den urteko eskola kartak irakaskuntza elebidunean kendu dituen lanpostuek ikasleen kontaketan arazo bat dagoela adierazten dutela onartu zuen Brissonek: «Frantseseko irakaskuntzaren lanpostuak banatzea aztertzeko kalkulu-formulak egokitu behar direla onartu dugu egoerak hobeki kontuan hartzeko».
Indarrean dagoen kontaketa sistemak ele bitan ikasten duten haurrak frantses eskoletan erdia bezala kontatzen ditu, denboraren erdian bakarrik egoten baitira. Sistema horrek egoera bitxiak sortzen ditu eskola asko- tan; euskaraz diren eskoletan ikasleen batez bestekoa 18koa da, baina frantsesez diren orduetan 30 ikasle baino gehiago elkartzen dira ikasgela berean ikastetxe batzuetan. Erakundeko presidenteak eta Jean- Claude Iriart zuzendariak hainbat ikastetxeren «berezitasunak» nabarmendu zituzten behin eta berriz, baina irakaskuntza elebidunean kendu dituzten postuen gehiengo handia frantseseko irakasleena izan da. Hori da kontaketa sistemaren akatsak sorturiko ondorio zuzena.
Erakundea duela bi urte sortu zutenetik, xede nagusia ikastetxe publikoetan ikasgela elebidunak irekitzea izan da. Sortu den «krisian», baliabideen kudeaketa beren lehentasunen artean sartu beharko dutela adierazi zuen Brissonek. «Azken bi urteetako azterketa egiteko, gidaritza batzordearen bilkura bat egitea beharrezkoa da. Errektorearekin eta Kontseilu Nagusiko presidenteekin egin bileran ekarri behar litezkeen hobekuntzak elkarrekin aztertzeko parada izanen da», azaldu zuen.
Ikas-Bik erasoa salatu du
Irakaskuntza publikoko ikasle elebidunen gurasoen elkarte Ikas-Bik adierazi du Hezkuntza Nazionalak, irakasleen lanpostuak kenduta, «eraso bideratua» egin duela. Horiek hala, irakasle lanpostuen itxieren eragina nozitzen duten eskoletako gurasoei mobilizazioak egiten jarraitzeko deia egin die.
EEP sortu zutenean abian jarri zuten hizkuntza politikari kontrajartzen zaizkion bi irizpide daudela nabarmendu du Ikas-Bik. Alde batetik, Hezkuntza Nazionala legoke, eta aurrekontuak soilik kontuan hartzen ditu. Beste alde batetik, 2007-2008ko ikasturteko eskola karta egiteko kontsultatu ez zuten EEP dagoela adierazi du gurasoen elkarteak.