GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Azpiegitura proiektuak Oarsoaldean eta Bidasoan

Garraio arazoak konpontzeko neurriak berak arazo

Ez da proiektuon berri den lehen aldia, kanpo portua, estazio intermodala, errepide berriak... Baina guztiak eta berri batzuk modu bateratuan kokatuta ikusteak inpresioa eragiten du. Jaizkibel Bizirik taldeak Aldundiak agindutako txosten bat eskuratu du eta bertan erakundeek dituzten asmoak ikusi. Beren esanetan, informeak argi eta garbi erakusten du eskualdea kolapsatzeko dagoen arriskua. Horregatik, eredu hori baztertu eta alternatibak eskaintzea eskatzen dute.

Maider EIZMENDI |

 

Jaizkibel Bizirik taldeko kideek Gipuzkoako Aldundiak iaz egin eta oraindik publiko egin ez den txosten baten edukia salatu dute, euren esanetan, bertan argi eta garbi geratzen baita, eraiki asmo duten kanpo portuak eta horren harira egingo dituzten bestelako azpiegitura sareek Oarsoalde guztia kolapsatuko dutela.

Edukia ez ezik, taldeko kideek ikerketa bera, Granadako Unibertsitateko, Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko eta UPV-EHUko kideek eginikoa, ezagutzera ez ematea salatu dute. «Badirudi erakunde publikoek eratutako Jaizkibia elkartean bertan onartzeko asmotan dabiltzala, hortik kanpora inolako eztabaidarik izan dadin eragozteko». Zonaldeko hainbat talde ekologista, politiko, sindikal eta sozialek osatutako plataformaren iritziz gainera, txostena «erabat baldintzatua dago».

Plataformak gisa honetan laburbiltzen du txostenaren edukia: «Lurraren okupazio eredu bat jasotzen du, kanpo portua, Hondarribiko aireportuaren handitzea eta egin asmo duten korridore intermodalaren harira etorriko diren beste azpiegitura batzuk jasotzen dituena». Behin eta berriz egin duten moduan, proiektuen bideragarritasuna justifikatzen bada ere, «txosten horrek ez du pasarte batean ere, proiektuon bideragarritasun ekonomikoa, ingurugirokoa eta gizartekoa demostratzen». Halaber, taldeko kideek txostena gogor salatzen dute eskualderako bestelako berrikuntza eta garapen alternatibarik ez dutelako landu.

Hala eta guztiz ere, txostenari garrantzitsu irizten diote, «orain artean aipatu bai, baina inoiz ez baitzituzten iragartzen dituzten azpiegitura guztiak plano bakar batean jarri». Azken batean, eurek azaldu duten moduan, kanpo portuaz makina batetan hitz egin bada ere, «hori osotasun baten zati bat baino ez da eta izango dituen ingurugiro eraginak Jaizkibelgo mendiaz harago doaz. Hori argi geratzen da txosten horretan». Azken batean, irla-portuaren eragina, azaldutakoaren arabera, askoz ere handiago da, besteak beste, lurraren okupazio ikargarria baitakar. «Dagoen eremuak ezin ditu azpiegitura horiek guztiak jasan, besteak beste, bertan pertsona asko bizi direlako».

 

Trafiko arazoa

Halaber, eskualdean sufritzen den trafiko dentsitatea areagotu egingo dela aurreikusten dute Jaizkibel Bizirik taldekoek, eta portua ez ezik inguru guztiak kolapsatzeko arriskua dagoela uste dute. «Esaten dute portuarekin inguruan dagoen trafiko arazoari aurre egingo zaiola, baina hori ez da horrela, aurreikusten dituzten azpiegiturekin barnera sartuko da bere eragina, eurek aurreikusten duten garraio estrategiak azpiegitura mordoa eskatzen baitu, eta errepideak kolapsatu egingo dira».

Jaizkibel Bizirik taldearen esanetan gainera, aurreikusten diren azpiegiturak eraikita ere, egungo portuak martxan jarraituko du eta ez da bertan behera geratuko esaten zen moduan. Zehazki, Aldundiaren txostenean portu zaharra eta egin asmo duten portu berriaren artean tunel bat aurreikusten dela nabarmendu dute Jaizkibel Bizirik taldeko kideek. «Are eta gehiago, Lezoko zonaldean portuko jarduera lur azpian kokatzeko aukeraz mintzatzen dira, beraz, argi erakusten dute portu zaharra funtzionamenduan mantentzeko duten asmoa», diote.

 

«Diktatutako txostena»

Jaizkibel Bizirik-en aburuz, irla portuaren balizko ondasunen gaineko argumentuak gezurtatzen ditu eta demostratzen du garraioaren eragina ezin duela hartu Oarsoaldeak, ez lurraldeari dagokionez, ez arlo ekonomikoari dagokionez ez eta sozialki ere. Baina eskualdean izan ditzakeen ondorioen gainean ez direla mintzatzen diote. «Txosten horretan portua beharrezkoa dela esaten da eta kito. Esan beharrekoa bera diktatu egin dietela uste dugu. Eman dizkiete eraiki nahi dituzten hainbat azpiegitura eta lurraldean bertan egokitzeko eskatu diete, bestelakoa azterketan sartu gabe».

«Oinarrian dagoen kontua da garraio sistema indartsu bat jarri nahi dela -azaldu dute plataformako kideek-, horretaz baliatuko diren enpresak indartzeko, eta zonalde hau aukeratu da horretarako. Badirudi inguru honi agindu zaiola zonalde zanpatu izatea eta biztanleei ez zaie ez informaziorik ez eztabaidatzeko aukerarik eman». Hala eta guztiz ere, nabarmendu dutenez, aipatu proiektuek izango duten eragina eskualdeaz harago joango da, «lur beharra eremu zabalagoan ase daitekeela jasotzen baita txostenean, Gipuzkoako hainbat zonaldetan, hain justu».

Guztiarekin, Jaizkibel Bizirik-ek Aldundiari garapen eredu hori alboratzeko eta gisa horretako ikerketa berri bat egin dezan eskatu dio, proiektu horiei alternatibak aurkitzeko. «Gure ustez apustua zonaldearen ingurugiroa zapuztea eragoztea eta bertako bizilagunen bizi kalitatea hobetzea izan behar da».

Hausnarketarako
«Jaizkibelgo korridore intermodalaren eta Pasaialdeako lurralde antolaketa eskemaren gaineko hausnarketa dokumentua". Izenburu hori jarri diote erakunde publikoek txostenari. Jaizkibiatik kanpora baina hausnarketa gutxi izango dela uste dute.
zerbitzu guneak
Bata Lintzirinen (Oiartzun) eta bestea Arason (Irun). Bertan logistikarekin erlazionatuko zerbitzuak erdi eta goi mailako bulegoak, komertzio eta aisi guneak eta etxebizitzak eraikitzea aurreikusten da.
zenbakitan
600.000 Aurreikusita dagoen irla portuak biltegiratzeko behar duen eremuak horrebeste metro karratu beharko ditu. Milioi bat Txostenean jasotzen da, Oarsoalde guztiak milio bat metro karratu baliatuko dituela logistika erabilpenetarako. Era berean, eskualdetik kanpora dauden beste eremu batzuk ere baliatuko direla aitortu da 4 Hondarribiko aireportua handitzea proposatzen dutenean, txostenean lau lerro baliatzen dituzten erabakia justifikatzeko 2 Egin asmo duten portu berria eta portu zaharraren artean bi tunel egitea aurreikusten dute. Jaizkibil Bizirik taldeko kideen ustez, horrek argi uzten du portu zaharra martxan izatea aurreikusten dutela. 6 Karril izango ditu egin asmo den autobide berriak. Taldeko kideen esanetan, Oiartzungo hainbat zonalde kaltetuko ditu: Ergoien, Karrika eta Sarobe-Erreka. 3 Gipuzkoako Aldundiak aginduta, hiru unibertsitatek osatu dute «erreflexiorako" den txosten hau: Granadako Unibertsitateak, Kataluniako Unibertsitate Politeknikoak eta UPV-EHUk.
Aireportua
Txostenean Hondarribiko aireportuaren handitzea ezinbesteko jotzen da. Zehazki, azpiegitura hori 300 metrotan zabaltzea oinarrizko jotzen da «korredorearen funtzionalitatea" bermatze aldera.
Estazio intermodalak
Aldundiak agindutako txostenean gisa horretako hiru proiektu aurreikusten dira. Lehenengoa Larramonen (Gaintxurizketa); besteak Irunen; eta hirugarrena berriz, Astigarraga-Hernani inguruan.
«Inguruaren etorkizuneko garapena zapuzten du"
Jaizkibel Bizirik plataformaren esanetan, txostenean batzen diren azpiegiturak eginez gero, eskualdeko ekonomia garraioaren menpe jarriko da eta etorkizunean izan daitekeen garapena baldintzatuko du, beste ezertarako lekurik ez baita geldituko. «Etorkizunerako garraioan oinarritutako garapen ekonomikoa ezartzen da eta arazo handiak emateaz gain, bestelako jarduerak uxatzen ditu". Taldeko kideen aburuz, gainera, ezin da alboratu garraioarekin lortutako enpleguak kalitate baxukoak direla. Eskualdearen ikuspustu ezberdin bat izatea ezinbestekoa da euren esanetan, ekonomilariek egindako ikerketetan, jasotzen baita planteamentu hori akatsa dela. «Egun zonalde honek garapenerako duen gaitasuna handia dela esaten dute, eta hori bide okerra dela. Txosten guztiek erakusten dute gainera hau, txosten bakar bat ere ez baitago garapen eredu hau eta azpiegitura hauek bermatzen dituena". Jaizkibel Bizirik-ek duen txostenak berak ez du daturik ematen eredu hori beharrezkoa dela dionik. Gainera, eta arlo ekonomikoari dagokiona arrazoitzen badu ere, ingurugiroan eta gizartean izango dituen eraginak ez dituela kontuan hartzen salatu dute. «Birsortze gisa aurkezten zutena, azkenean ingurua are gehiago zapuzteko modua izango da", azaldu dute. M.E.
Errepideak
Inguruan hainbat bide-azpiegitura beharko direla ondorioztatu du txostenak. Besteak beste, portu berrira joateko errepideak, autobide berri bat eta zonaldea A-8arekin lotzeko bideak aurreikusten dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo