«Espainiako Gobernua epai eredugarria bilatzen dabil"
Nahiz eta fiskalak kartzela zigor eskaera jaitsi, «dena ETA dela" dioen akusazioak 18/98 makrosumarioan auzipetuta dauden euskal herritarren gainean jarraitzen du. Atzo, auzipetuek egoera hori salatu zuten; euren eskubideak aldarrikatu eta babestu zituzten. Horrekin batera, bihar Bilbon eta Donostian izango diren mobilizazioetara joateko deia egin zuten.
Beñat ZARRABEITIA |
18/98 makrosumarioan auzipetuta dauden pertsona gehienek -Iker Beristain ez zen izan, gaixo eta kartzelan baitago- agerraldi publikoa egin zuten atzo, Bilbon. Bertan, prozesatuen bozeramaile Mikel Kortak eta Teresa Todak hartu zuten hitza Fiskaltzak haien aurka egin dituen eskaeren inguruan hitz egiteko. Lehenik eta behin, auzipetutakoek ohartarazi zuten fiskalak egin zitzakeen «eskaerarik altuenak» egin dituela, eta AVTren abokatua horietara «behin-behineko ondorioak gaindimentsionatuak zeudelako» batu zela. Are gehiago, «Enrique Molinak -fiskalak- Garzonen tesiak indartu» dituela salatu zuten bozeramaileek. Horiek hala, Kortak eta Todak kezkatuta daudela azaldu zuten; izan ere, euren ustez, 18/98 makroauziarekin, «Gobernu espainoletik jerarkikoki dependentea» den fiskaltza eta Auzitegi Nazionala «epai eredugarria» eta «eredu izan nahi duena» bilatzen ari dira.
Azken egunetan hedabide askok berebiziko garrantzia eman diote Fiskaltzak kartzela zigorrak jaitsi izanari, baina auzipetuak ez datoz bat irakurketa horrekin. Izan ere, haiek honako hau jakinarazi zuten: «Zigorren eskaerak jaistearekin jolasten ziren titularrek benetan egiten dutena egoera oso larri bat ezkutatzea da». Jakina baita, akusazioen funtsa, «dena ETA dela» dioen teoria, bere horretan mantentzen dutela.
Auzipetuen bozeramaileek adierazi zuten: «Norbaitek hau pentsa al dezake? herri-prentsa bultzatzeagatik 19 urteko kartzela zigorra eskatzea; herri-proiektuen alde dirua lortzeko enpresak sortzeko ahaleginak egiteagatik beste 11; nazioartean gatazka politikoa gainditzen laguntzeko eskatzeagatik 9; edo herentzia bat jaso eta herri mugimenduari laguntzeko fundazio bat sortzeagatik beste 7?». Alde horretatik, ezarri nahi dizkietan isunak salatu zituzten, eta Orain-en Zuzendaritza Batzordekoena 4 milioi eurora ailegatzen da. Egoera hori ikusita, 18/98 makrosumarioan inputatutako pertsonen bozeramaileek adierazi zuten: «Badirudi Fiskaltza 15 hilabete luze hauetan aretotik kanpo egon dela; izan ere, hasierako behin-behineko ondorio zirenak orain behin betiko bilakatu dira». Bestalde, Euskal Herriak bizi duen egoera politikoari buruz, auzipetuek epaiketak iraun duen bitartean «hiru fase ezberdin» izan dituztela ohartarazi zuten. Hala eta guztiz ere, haiek adierazi zutenez, edozein abagune politikotan eskubide zibil eta politikoak errespetatu behar dira. Horrekin batera, Kortak eta Todak jakinarazi zuten «baldintza demokratikorik gabeko prozesu demokratiko bat ezin dela inon abiatu».
Mobilizatzeko deia
Egoera hori ikusita, eta azkeneko asteotan izan diren erabaki judizialak direla-eta, auzipetuek honakoa adierazi zuten: «Eraso horiek guztiak direla-eta, ezin dugu ikusi nori eraso dioten, erantzun edo ez erabaki baino lehenago, herri bezala erantzuteko garaia baita».
Izan ere, prozesu erraldoi horretan auzipetutako kideek nabarmendu zuten: «Pertsona eta erakundeen gainetik herri bat dago, eta herri horren eta bere eskubideen defentsan denok batera kalera irten behar dugu, baita eskubide horiek errespetatzen dituen prozesu demokratikoaren alde ere». Alde horretatik, 18/98an auzipetutako pertsonek bihar egingo dituzten bi ekimenetan parte hartzeko deia egin zuten. Alde batetik, goizean, Bilboko Ayala antzokian 18/98 sumarioa eta epaiketa salatzeko izango den ekitaldira deitu zuten; eta, beste alde batetik, arratsaldean, «Ireki ateak independentziari. Euskal Gazteria aurrera» lelopean, Donostian, Jarrai, Haika eta Segi gazte erakundeak «terrorista» izendatzen dituen Auzitegi Goren espainolaren epaia salatzeko egingo duten manifestazio nazionalera.