GARA > Idatzia > Euskal Herria

Iturenen eskola duin bat izateko luzaroan eta gogor borrokatu behar izan dute

12 urte daramazkite beren egoera larria salatzen. Atzo Hezkuntza Saileraino joan ziren administrazioarekin bildu eta protesta egiteko.

Jasone MITXELTORENA |

 

Orain arte ez diete kasurik egin guraso eta irakasleen protestei. Joan den abenduan ikasgelatik pasatzen den tximinia erre zen, eta suhiltzaileek eskolak su hartzeko zuen arriskua azpimarratu zuten. Gertakari hori izan zen Hezkuntza Sailera joatera bultzatu zituena. Atzo, haurrak hartu eta Iruñera joan ziren. Egoitzaren aitzinean «Eskola berria orain» zioen pankarta zabaltzean, Foru Poliziak ataria libre uzteko eskatu zien, bertze aldera bidaliz. Joaldun ttikiak harat-honat ibili ziren joareak astintzen, autobusek eta kotxeek egiten zuten trabaren gainetik. Kantatu ere egin zuten han bildutakoek, «Iturengo Arotza»ren doinuari letra jarriz: «Iturengo maisuak inun bazarete egoten ahal zarete gelatik aparte, baldin eta arrisku hoiek segitzen badute, ikasleak zaintzeko erotuko zate». Aipatzekoa da Polizia Nazionalaren presentzia, elkarretaratzeak iraun zuen bitartean bertan egon baitziren. Azkenean izkina batera aldatu baziren ere, hasieran joaldun ttikiek parean eduki behar izan zituzten. Ez ziren izitu halere.

«Ez dago patiorik, dagoena aparkalekua da» horrela hasi du Arantxa Diezek, ama eta irakaslea bera, 50 haur biltzen dituen eskolaren baldintza txarren zerrenda. «Frontoira joaten gara atsedenaldietan, baina haurren artetik ogi-banatzailea eta bertze kotxeak ibiltzen dira», azaldu zuen. Ingeleseko klaseak ostatuko biltegi izandakoan ematen dira eta bertara ailegatzeko errepidea gurutzatu behar da. Horrez gainera, ez daukate aterperik eta eskailerak arriskutsuak direnez urtero haurren batek min hartzen du. Sabaitik arlitazko bolak erortzen direla eta lurra ez dela egonkorra ere salatu zuten. Ikuskariak urtero egiten omen du bisita eta egindako txostena ezkorra bada ere, ez dela inolako neurririk hartzen nabarmendu zuten. Beldurrez ibiltzen dira beti.

Eskolako Kontseilua eta herriko alkatea administrazioarekin bildu ziren, eta eskola berriaren eraikuntza 2009an hasteko konpromezua hartzea lortu zuten.

DATUA
Hamar lerroko testua Hamar lerroko testua Hamar lerroko testua Hamar lerroko testua Hamar lerroko testua Hamar lerroko testua Hamar lerroko testua Hamar lerroko testua Hamar lerroko testua Hamar lerroko testua

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo