Emakumeen eskubideen aldeko eztabaidan parte hartzeko deia egin dute Nafarroan
GARA |
Emakumeen Mundu Martxari Euskal Herrian harrera egiteko lanean bi urte daramatzatela adierazi zuten atzo, Iruñean. Orduan, emakumeen eskubideak bilduko dituen gutuna idazteko konpromisoa hartu zuten, eta atzo hori bera berretsi zuten. Horrez gainera, aurrera ateratzea pentsatu dituzten hainbat ekimenen berri eman zuten.
Haien esanetan, emakumeen egoerak txarra izaten segitzen du, eta hainbat adibide eman zituzten; besteren artean, lan munduko egoera prekarioan gehiengoa direla eta emakumeen aurkako erasoek jarraitu egiten dutela. Hau azaldu zuten: «Ez dago gure bizitzako eremuak bateratzeko politika eraginkorrik, eta modu horretan menpekotasuna eragiten da. Menpekotasuna da gure kontrako indarkeriaren oinarri sendoena». Nafarroan abortuak legeztatu gabe segitzen duela salatu zuten.
Ezberdintasunak kontuan
Horiek hala, lanerako deia zabaldu zuten. «Euskal Herriko emakumeen eskubideen gutuna» idazten dihardutela eta beren helburua «ahalik eta emakume gehienen artean hitzartu eta erabakitako karta» izatea dela adierazi zuten. Emakume bakoitzak bere bizipenak dituela kontuan hartuta, Nafarroan horiek ahal den neurrian biltzeko izanen omen da gutuna. «Gure herrian bizi dugun egoera islatu eta gure desioak zehaztuko ditu», argitu zuten. Datozen hilabeteetan hainbat herritan ekimenak eginen dituzte eta amaiera Iruñean izanen da, martxoaren 10ean.