GARA > Idatzia > Kirolak

PILOTA Binakako Txapelketa

Titinek Lasa izango du berriz bikotekide Azkoitian

Beteranoek Olaizola I eta Belokiren aurkako kanporaketaren hirugarren partida bortxatu nahi dute gaur

Aritz SORZABAL | DONOSTIA

 

Binakako Txapelketako final- laurdeneko kanporaketen lehen partida erabakigarria gaur jokatuko dute Azkoitiko Gurea pilotalekuan. 22.00etan hasiko den jaialdian, Titin III.a eta Lasa III.a bikoteak txapelketatik at geratzen diren lehen pilotariak ez izateko ahaleginak egingo ditu. Izan ere, haien aurkari Asier Olaizolak eta Ruben Belokik 22-13 irabazi zieten joan den astean, eta kanporaketan 1-0 aurreratu ziren. Beteranoek hirugarren partida behartu nahi dute nola edo hala.

Kanporaketa horretan Lasak jokatzen duen lehen partida izango da, estreinaldian Aritz Laskurainek ordezkatu baitzuen, gripeak jota baitzegoen. Hamaika partida aritu da Titin Etxarrikoa atzelari zuela, eta asko eskertuko du Lasa itzultzea, oso ondo konpontzen baitira elkarrekin. Sailkatze fasean, adibidez, behin baino gehiagotan frogatu zuten hori.

Olaizolak eta Belokik, berriz, joan den astean Idiazabalen jokatutako partida txukunari segida eman nahi diote, eta sailkatze faseko zalantzak behingoz uxatu. Goizuetarra bikain aritu zen Igarondon, Titin gainditu baitzuen etengabe.

 

Gonzalezen zulatua

Bestalde, atzo bi pilota aukeraketa egon ziren Bergaran eta Tafallan. Azken herri horretan hiru protagonista baino ez ziren izan: Koka, Otxandorena eta Pascual. Kontua da autoko gurpil batean izandako zulaketa baten ondorioz, Gonzalez ez zela Tafallara azaldu. Asegarcekoek 103,5, 103,6 eta 104,4 gramoko pilotak bereizi zituzten. Pascualek, berriz, 105, 104,2 eta 105,5 gramokoak. Biziagoak omen direnak, hain zuzen ere.

Bergaran izandako material aukeran, Xala-Eulate eta Leiza-Zearra pilotariek osatzen duten bikoteek ez zuten inolako kexarik izan otarrean aurkitutako materialaz. Bizkaitarrek aukeratutako pilotak gogorragoak eta mugitzeko zailagoak omen dira. Xalak eta Eulatek 104,3, 106,9 eta 104,8 gramoko pilotak hartu zituzten. Leizak eta Zearrak, berriz, 103,2, 103,1 eta 104,6 gramoko pilotak hautatu zituzten.

Bergarako Herrikoa pilotalekuko jaialdia 17.00etan hasiko da igandean; Tafallako jaialdia, berriz, egun berean izango da, baina 17.30ean hasita.

elkoro
Atzo jakinarazi zutenaren arabera, Aspe enpresak urte bateko kontratua eskaini dio Elgetako pilotari Aitor Elkorori.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo