GARA > Idatzia > Kultura

Metal industrialaren ikurra lehenengo aldiz Euskal Herrian

Nine Inch Nails

Beltza bezain iluna, izotza bezain hotza, Trent Reznor dugu NIN taldeko partaide eta buru bakarra. Bederatzi Hazbeteko Azazkalak edo «Nine Inch Nails" taldeak bost lan argitaratu ditu 18 urte luzetan. Egun disko berria argitaratzear du taldeak, apirilean aterako den «Year Zero", eta otsailaren 27an «Beside you in Time" zuzenekoa plazaratuko dute. Bilbon izango ditugu bihar, inauterietako ostiral mehean. Gau iluna osatzeko, The Popo taldea.

Anartz BILBAO | Bilbo

Rock industriala lantzen aitzindari, Trent Reznor kantari, musikagile, ekoizle eta musikaria dugu Nine Inch Nails talde bereziaren sortzaile eta partaide bakarra. 1965ean jaioa, bost urte besterik ez zituela musika klasikoa eta pianoa jotzen ikasten hasi zen Reznor, baita saxoa eta tuba ere, ikastetxeko musika bandan. Gaztetan konputagailuekin ere trebatu zen, eta musika ekoizle bihurtu.

Kiss eta Jim Morrisonen miresle, 1988an sortu zuen Nine Inch Nails taldea Reznorrek Ohioko Cleveland hirian, Ameriketako Estatu Batuetan. Metal industriala landuz, makinek eginak diruditen soinu hotzak jorratzen ditu pop sentsibilitate handiz emandako depresio eta autosuntsiketari buruzko hitz ilun eta asaldagarriekin batera.

Trentek 1989an egin zuen debuta Mark Flood Ellisek ekoiztutako «Pretty Hatte Machine» lanean musika tresna guztiak joz. Ep bat argitaratu zuten hurrena, «Broken» deiturikoa. Disko horretako «Happiness in Slavery» kantaren bideoklipa mundu osoan zentsuratu zuten Bob Flanagan artistak bere burua makina bati nola lotzen zion eta makinak heriotzaraino eramango zuen plazerra nola ematen zion agertzen zuelako. Honen harira, esan beharra dago taldeak funtsezkoa duela irudia ere, imajinei berebiziko garrantzia ematen baitie.

Los Angelesera jo zuen 1994an eta bertan Charles Mansonek Sharon Tate antzezlea akabatu zuen etxean estudioa atondu eta gero «The Downward Spiral» grabatu zuen, bigarren lan luzea eta kritikari batzuen iritziz taldearen gailurra. Bertakoa da «Hurt» abestia, gerora Johnny Cashek egokitzapen harrigarria egin eta ospetsu bihurtuko zuena. Bost urteko isilaldia izan genuen gero, tarteka ep eta single sortak plazaratu zituzten arren, «The Fragile» bikoitza heldu zen arte. Eta beste bospaseikoa artistak drogekin zituen arazoak gainditu eta orain arte azken lana duen «With Teeth» 2005ean plazaratu zuen arte (AEBetan argitara eman orduko lehenengo postua lortu zuena). Iaz, «Every Day is Exactly the Same»singlea argitaratu zuen taldeak, eta zuzeneko bat ere badute, 2002ko «And All That Could Have Been».

David Bowierekin kontzertu-itzuliak egindakoa da NIN, eta zenbait soinu bandatan ere parte hartutakoa dugu, Oliver Stoneren «Natural Born Killers» edo David Lynchen «Lost Highway» filmetan, esaterako. («The Crow» filman Joy Division taldearen «Dead Souls» kantaren bertsio bat egin zuten).

Bukatzeko, esan Marilyn Mansonen bigarren lana, «Antichrist Superstar», Reznorrek ekoitzi zuela.

Bilboko ostiral mehean, The Popo Philadelphiako banda izango dute lagun La Casilla kiroldegiko oholtza gainean. Post hip hopa lantzen duen laukoteak estreinako lan homonimoa plazaratu berri du Buddyhead Records zigiluan.

18 URTE, BOST LAN
1989ko «Pretty Hate Machine" izan zen taldearen debuta. «Broken" epa iritsi zen gero, eta «The Downward Spiral" bikaina 1994an. Mende bukaeran, «The Fragile" bikoitza, eta 2005ean «With Teeth", gaur arteko azken lana. Disko berria plazaratzear da orain Trent Reznor, «Year Zero" izenekoa.
Fitxa
Data: Bihar. Lekua: La Casilla kiroldegia (Bilbo). Ordua: 21.00etan, The Popo. 22.00etan, Nine Inch Nails. Sarrera: 40 euro.
Musikari ezberdinekin osatzen du trent reznorrek nin bira bakoitzean
Kontzertu-itzuli bakoitzerako musika lagun ezberdinak bildu ohi ditu Reznorrek. Bira berri honetan Josh Freese (Guns´n´Roses, Rob Zombie), «Twiggy Ramirez" (Marilyn Mansonen) Alessandro Cortini eta Aaron North ditu laguntzaile. Bartzelonara egindako azken bisitan ohiko dituzten imajinak ahaztu eta musikari eskaini zion taldeak arreta osoa. Honako honetan ikusi beharko zer eskainiko duten Madrilen eta Bartzelonan sarrerak agortu dituen. A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo