GARA > Idatzia > Kultura

Beldurra, mina eta argia

Keike

GARA | BILBO

Ondarroako boskoteak bigarren lana argitaratu du Oihukarekin, «Beldurra, mina eta argia». Estreinakoa baino gogorragoa den lan honek beldurra du ardatz hitzetan, aurrera egitera, geure burua gainditzera bultzatzen gaituen beldurra. Santos anaiek Ondarroan bertan duten estudioan grabatua, Ion Kirru, Nerea, Denis eta Epiri Jauko Barik taldeko Itxaso gitarra jotzailea gehitu zaie lau urtetan bidaide izan duten Axular Arrasateren tokia hartuz.

2002an sortutako taldeak bi urte geroago egin zuen debuta Oihuka disko etxean, Cesar Ibarretxeren laguntzaz Donostiako Elkar estudioetan grabatutako «Oinetan Kea». Besteak beste, aurreko maketa batean plazaratutako bost kanta bildu ditu diskoak. Euskal Herritik kanpo ere trebatu da taldea, Londresen edo Bartzelonan esaterako, eta etxean dabiltza orain, bigarren lan luzea han eta hemen aurkezten. Bihar Elorrioko Ateneoan bakarrik arituko dira, baina gaur Oñatiko Potemkin indartsua izango dute lagun Kafe Antzokiko oholtza gainean.

Musikari bikainak, taldearen izen bereko estreinako harrigarria eman zuen Potemkin laukoteak Oihukarekin. 70eko hamarkadan jorratu ohi zen rock gogorra jorratzen dute eta gelditu gabe dabiltza zuzenekoetan. Gaur, esan bezala, Bilbon. Bihar, berriz, UEK hirukotearekin batera Durangoko Plateruenan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo