GARA > Idatzia > Kultura

55 dezibelio: musika eta auzokide maitagarriak

Tenerifeko erabakia jakin aurretik, berriz, Iruñeraino heldua zen mamua: kaleko algarak ezin omen ditu legez berrogeita hamabost dezibelioak gainditu, baina bolumen hori luzez gainditzen da sanferminetan. Urtean behin bederen, musika karrikan eta ozen aditzen da, jendeak kalean barrena abesten du, musika eta dantza (eta alkohola) baitira herrietako besten funtsa

Blanca IZKUE

Musikagintzako langilea

Tenerifeko inauterietako aferak zinez harrituta utzi nau. Horiek bezalako ospakizun herrikoiak kolokan egon dira zenbait auzokidek haien ongizate pertsonala (festa gozatzeko ezintasuna, esanen nuke nik) hango kultur ondarearen aurretik jarri nahi izan dutelako, uharteko biztanle guztien kalterako. Kaleko musikak eta jendeak sortzen duten zalapartak loa eragozten omen die. Inauteriek irauten duten bost egun ezin badituzte jasan, zer ez ote dute eginen bizikidetzak sorturiko hainbat tentsio unetan. Inauteriak, hain zuzen, tentsio horiek askatzeko ditugu. Epaileek, oraingoan, zentzutasunaren alde eman dute epaia.

Erabakia jakin aurretik, berriz, Iruñeraino heldua zen mamua: kaleko algarak ezin omen ditu legez berrogeita hamabost dezibelioak gainditu, baina bolumen hori luzez gainditzen da sanferminetan. Urtean behin bederen, musika karrikan eta ozen aditzen da, jendeak kalean barrena abesten du, musika eta dantza (eta alkohola) baitira herrietako besten funtsa.

Eskerrak, batetik, orain jurisprudentzia badagoen, eta bestetik prentsak, badaezpada ere, sanferminetako etekin ekonomikoak jakinarazi zituen: hori bai argudio sendoa gauzak bere horretan uzteko eta kaleko musika ez debekatzeko. Zenbait auzotan, ordea, kontrakoa gertatu ohi da. Auzokide batzuk Tenerifekoen antzeko kezka aurkeztu zuten udaletxean, txosnak kentzeko eskatuz, eta baita lortu ere. Gauzak horrela, zenbait urtez musika tabernetara zokoratu zen, kaleko giroaren kalterako.

Egunotan, hain zuzen, Iruñeko peñen doinuak birgrabatzen ari dira, moldaketa berriak ezarriz: neska-mutilek abestuko dituzte oraingoan, zenbait hitz euskaratu dituzte, eta zenbait abestiren eduki sexistak zuzendu dituzte. Bestetik, Turrilas maisuaren doinu herrikoiak pop, rock eta rap bertsioetan ere entzun ahal izanen ditugu Koma, Leihotikan, The Foraletes, Buitraker, Banda Batxoki, Dikers eta hainbat talderen eskutik. Lana ekaina partean argitaratu eta datozen jaietarako egonen da prest. Hori, beti ere, inongo hiritar ozpinduk kanariarren ideia hartuta kalean musika gozatzea galarazten ez badigu. Bestela, hona etorriko zaretenok, norbera bere i-Podaren entzungailuak belarrietan sartuta, autisten antzera aurkituko gaituzue, bakoitza bere doinuarekin dantzan, tolerantziaren adibide paregabea izan gaitezkeela erakutsiz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo