Mathilde maitatzeko moduak edo Lisabö, Donostiako estreinaldietan
GARA | BILBO
Literatura eta musika uztartzen dituen ikuskizun berria jarri dute abian oraintsu Txuma Murugarren musikariak eta Julen Gabiria idazleak Erakusleihoa egitasmoaren barruan.
Aski ezagunak ditugu dagoeneko Gabiria eta Murugarren inguruotan. Galdakoztarrak «Han goitik itxasoa ikusten da» atsegina du azken eleberria (Elkar, 2004) eta makina bat egitasmotan hartu du parte, bertsolariekin kasu. Murugarrenek, bestalde, aurki plazaratuko du bakarkako bosgarren lana eta blogari eta zutabegile legez ere egin du liburugintzan debuta, «Larrialdietarako irteera» Paper Hotsaken argitaratuz.
«Mathilde Maitatzeko Moduak» ikuskizunean istoriotxo bat kontatuko digu bikote betaurrekodunak, orain testuak irakurriz, gero kantuz. Julenen irakurketek kontatzen ez dituztenak Txumak abestuko dizkigu hamar kantutan, elkar osatuz. Laguntzaile gisa, Rafa Aceves teklatuetan eta Natxo Beltran baterian.
Lisaboren itzulera
Ikuskizun bat bukatu orduko, bestea abiatuko da Gazteszenan. Ia bost urte generamatzan Lisabö talde irundarra zuzenean gozatu gabe, abenduan Plateruenan Anarirekin batera agertu ziren arte. Bertaratutakoen zirrara ikusita, ezagun da zaleek ez dutela ahaztu taldea, eta orain Donostian joko dute Pinbol hondarribiar lagunekin batera «Ezlekuak» lan berria aurkezteko.
Lan berrirako Javi Manterola (Amodio) itzuli da taldera, eta Aida gelditu da bidean. Martxel Mariscal arduratu da hitzez eta Tolosako Bonberenean eta Irunen grabatu dute taldekide duten Karlos Osinagarekin. Lana argitaratzeko autoekoizpenera jo dute eta Inoren Ero Ni bikainekin batera Bidehuts zigilua sortu dute horretarako. Binilozaleen zorionerako formatu horrek ere izango du bere aukera.
Pinbol hondarribiarrak, 2001ean hirukote sortua eta egun laukote bihurtua, «I Want to Believe» lana plazaratu berri du Psilocybina zigiluan, 2006an Bonberenean Osinagarekin prestatutako lan berria.