ETAkoa ote naiz?
Ze irudi dugu gure buruaz euskaldunok? Gure buruaz lotsatzeak zeresan handia duela uste dut. Zergatik lotzen dute euskararen defentsa ETArekin?
Bikain Urkiri Etxebarria
Lehen Hezkuntzako irakaslea eta Antropologian lizentziatua
Hemezortzi urte inguru nituela lagun batekin Galiziara joan nintzen, opor batzuk pasatzera. Gogoan dut bertan egin nituen lagunetako batek, hondartzan zera galdetu zidala: ETAkoa al zara? Txundituta utzi ninduen baina tira han geratu zen, bitxikeria moduan, badakizue, «Galizian... ba bueno».
Duela egun batzuk ostera, 5. mailako ikasle batzuk galdera bera egin didate eta horrek bai utzi nauela zur eta lur; Euskal Herriko herri euskaldun peto bateko D ereduko betiko euskaldun batzuk galdera hori zergatik egin ote didate? Arrazoi objektibo bat izatekotan zera da: Gaztelera ematen diedan arren euskaraz mintzatzen natzaiela. Zergatik? Galdetu zidan batek. Gaztelera bestela ere entzuten duzuelako eta aski ohituak zaretelako telebista, musika eta abarretan ere entzutera, hementxe geletan ere erdaraz aritzen zaretelako, eta soberan dakizuelako gazteleraz hitz egiten eta bizitzen, ederto menperatzen baituzue. Gainera, hasieran, ingelesa bera ere, niri, euskaraz azaltzen zidaten eta ez dut uste orain zuek baino maila eskasagoa dudanik. Ingelesa inguruan oso oso gutxi entzuten duzue, baina gaztelera? Orduan beste irakasleek gazteleraz hitz egiten dietela erantzun zidaten eta nik bakoitzaren jarrera eta erabaki ahalmenaren seinalea dela...
Orduantxe galdetu zidaten ea ETAkoa ote nintzen. Zelan da posible? Badakit hasteko, galdera soila baino gehiago izan dela, nire jarrerarekin harrituta sumatu ditudalako hasieratik. Gazteleraz hitz egiten dieten irakasleak dituztela ondorioztatzea ez da okerra, ezta zitala ere, egia biribila baizik. Jendarte osoaren isla da hezkuntza sistema eta honen adierazlea ikasleak, haurrak beraiek, dira. Bide batez esan ez dela hain arraroa geroz eta irakasle gehiago estresatzea, geroz eta okerrago datozelako, orokorrean, haurrak. Era berean, geroz eta sistema ustelagoa dugunez, jendartea ere usteltzen doa eta horren ispilu bihurtu da hezkuntza sistema osoa.
Ze irudi dugu gure buruaz euskaldunok? Gure buruaz lotsatzeak zeresan handia duela uste dut. Zergatik lotzen dute euskararen defentsa ETA erakundearekin? Dena bat dela behin da berriz entzuten dutelako? Euskaldunok gure kontraesanen bidez hori agerian uzten dugulako? Euskara zein Euskal Herria ETA erakundeak soilik babesten duela pentsatzen al dute? Euskaldun sasi euskaldunok horretarako betarik eman ote diegu ondorengo belaunaldiei? Zer esan nahi ote du? Ze arrazoi egon liteke bestela, euskaraz hitz egiten duen eta euskara defendatzen duen irakaslea ETAkoa dela pentsatzeko? Azken finean, jarrera bat erakusten du, eta zoritxarrez, oso gutxi gara benetan euskaraz oso osoan ari garenak eta maila koherentean erantzuten dugunak; horrexegatik egin zaie hain arraroa euskaldunak diren eta D ereduan ari diren ikasleei nire jarrera. Nik uste euskararen aurrean gutxiengo jarrera hori erakusten ez badugu jai dugula, eta oso ezkorra nahiz benetan, etxean, kalean, herri edo ikastetxe anitzetan (ikastolak ere bide beretik doaz) entzuten ditudalako gazteak, haurrak, gurasoak, langile «arruntak», baina baita politikari «iraultzaile»ak edo euskaltzainak ere. Hainbat datu daude frogatzen dutenak, nagusienak, batetik nire belarri geroz eta gehiago madarikatuetan, eta beste sinple bat: zergatik idazten ote dute «euskaltzain, iraultzaile hainbatek» oraindik gazteleraz? Debekatuta ote dugu oraindik? Aski da: euskararen transmisioa sorreratik egon da, baita frankismoan ere, ez dit balio Frankoren aitzakia jartzeak. Eta orain zer, Franko bizirik al da oraindik? Agian bai, ezta?