HARRIJASOTZAILEAK
Inaxio Perurenak 285 kiloko harria jaso nahi du
Leitzar gazteak, etzi, Euskadiko Sei Orduen barruan egingo du marka saiakera, Donostiako belodromoan. Nafarrak dionez, aurreko egunetan izan ohi diren nerbioak somatzen hasita dago
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Inaxio Perurena izango da etzi Donostian jokatuko diren Euskadiko Sei Orduetako protagonistetako bat. Leitzar gazteak marka saiakera egingo du, eta bere helburua 285 kiloko harria bizkarrean berdintzea da. 280koa 2005eko azaroan jaso zuen, eta gerora egin dituen markak esku batekin egin ditu.
Larunbatekoa garrantzitsua izango da leitzar gaztearentzat, eta urduritasuna nabari duela onartu zuen. «Pasa den astetik nabari ditut kilimak, baina horrelako saio baten atarian normala dela uste dut», aitortu zuen. Euskadiko Sei Orduetan bigarren aldiz hartuko du parte, eta lehenengoan gauzak ongi joan ez zitzaizkionez, kezkatuta dago. «Egia esan hori daukat buruan, eta horrek beti kezka ematen dizu. Hala ere, saiatuko naiz saioa baino dezente lehenago nire lekura joaten giroa nola dagoen ikusteko, harria probatzeko... Ea horreala apur bat lasaitzen naizen», esan zuen.
Aurreko markatik erantsitako bost kiloak nabaritzen dituela dio leitzarrak. «Asko gainera. Ematen du bost kilo ez direla ezer ere, baina harria jasotzerakoan ederki nabaritzen da», esaten du Inaxiok.
Nahi eta nahiez, horrelakoetan beti konparaketak izaten dira, eta normala den moduan, bere aitarekiko konparazio asko izaten dira, eta izango dira etorkizunean. Horretara ere ohituta dago. «Perurena abizenak zama handia dauka kirol honetan, eta garbi dago nire aitak lan handia egin zuela. Hori hor dago. Ni ni naiz, eta nik nirea egin behar dut», esan zuen.
Markekin aurrera
Inaxiok garbi dauka hemendik aurrera markak egiten jarraitu nahi duela. «Bai, bai, nik hasieratik helburu hori daukat jarrita, eta horretan jarraitu nahi dut. Ahalik eta ongien entrenatu eta segi markak egiten. Batzuetan esku batekin, eta bestean biekin. Egunen batetan ikusten badut nire helmugara heldu naizela, eta hortik aurrera ezin dudala markarik egin, era honetako entrenamenduak egiteari utziko diot, eta orduan helduko da lehiaketetan hasteko garaia. Bitartean, garbi daukat markak egiten jarraitu behar dudala», onartu zuen.
Berak garbi duen bestea da markak esku batekin eta biekin egiten jarraitu behar duela. «Hori oso garbi daukat. Bi eskuekin egiteko prestatuz gero, batekin egiteko ere ongi izaten naiz. Aitak ere bi eratara egin zituen markak, eta nik horrela jarraitu nahi dut», esan zuen.
Lehenengo, behintzat, etziko saioa dauka buruan, eta hori gainditzen badu, lasaitu handia hartuko du, lekua oso berezia baita. «Euskadiko Sei Orduak bereziak dira, hango jendetza, argiak, besteetatik ezberdina da», dio Inaxiok.