GARA > Idatzia > Euskal Herria

Epaia kritikatzen segitzen dute Iñaki de Juanak 101 egun gose-greban bete eta gero

Astelehenean Auzitegi Goren espainolak hiru urteko espetxe zigorra ezarri zion Iñaki de Juanari, eta oraindik ebazpenaren aurkako kritikek jarraitu egiten dute. Gobernu espainolak ez du txintik ere esan preso donostiarraren gainean hartu beharreko erabakiaz, Gorenaren ebazpena jaso artean ezer ezin duela erabaki argudiatuz. Ebazpenaren aurkako eta De Juanaren aldeko protestak ere berean mantentzen dira.

GARA |

Bere borondatearen aurka elikatuta eta oheari hanketatik eta eskuetatik atxikita bete du Iñaki de Juanak gose-grebaren 101. eguna Madrilgo Doce de Octubre ospitalean. Indarrez elikatzearren, preso donostiarrari lasaigarriak emateko arriskua dago; izan ere, Auzitegi Nazionalak sendagileei horretarako baimena eman die. Joan den astelehenean Auzitegi Gorenak erabakia jakinarazi zuenetik, kritikak etengabe entzun dira. Euskal PEN Kluba, Donostiako Udaleko Langileen Batzordea eta Lakuako Giza Eskubideen zuzendaria izan dira erabakia errefusatzen azkenak.

Donostiako Udaleko Langileen Batzordeak gogor gaitzetsi du «botere politiko, judizial eta mediatikoek Iñaki de Juana kartzelan mantentzeko hartu duten erabakia», eta haren «babesgabeko egoera» salatu du. Hala, atzo egindako batzarraren ostean, udal langileek adierazi zuten donostiarra «iritzi delitu bategatik» dutela preso. Batzordearen ustez, iritzia ematea inoiz ez da delitua. De Juanaren osasun egoera larria dela ikusita, aho batez Gobernu espainolari Iñaki de Juana berehala aska dezatela exijitzeko erabakia hartu dute, gainera.

Bestalde, Euskal PEN Klubak, Laura Mintegi idazlea buru duen taldeak, gogor gaitzetsi du Gorenaren ebazpena, eta iritzia ematea delitutzat jotzea larria dela nabarmendu du. «Euskal PENek salatu nahi du hemendik aurrera ateak zabalik uzten zaizkiola iritzia emateagatik zigortua izateari», adierazi du. Hala, Iñaki de Juana zigortzeko «ezkutuko arrazoiak politikoak» izan direla adierazi du, eta ageriko azalpena adierazpen delitu gisa janztea ez duela onartzen nabarmendu du PEN Klubak. Hori dela-eta, auzi horren inguruko gorabeherak nazioartean hedatzen jarraituko duela esan du, baita De Juanaren aurkako erabakiaren salaketa International PENera eta antzeko erakundeetara eramango duela ere.

Derion, lagun bat ospitalera

Gasteizko Gobernuko Giza Eskubideen zuzendari Jon Mirena Landak ere Auzitegi Gorenaren erabakia kritikatu zuen. Landaren iritziz, Iñaki de Juanak argitaratutako iritzi artikuluetan ez dago inolako delitu zantzurik.

Nahiz eta Gorenak De Juanari espetxe zigorra murriztea «pauso positiboa» dela uste duen Landak, lehen zigorra neurriz kanpokoa izan zela agerian uzten duelako, oraindik ere «gehiago zuzendu» daitekeen ebazpena dela deritzo. Izan ere, bere ustez, De Juana absolbatu behar dute.

Bestalde, Iñaki de Juanari ezarritako zigorraren aurkako protestak berean jarraitzen dute. Hala, atzo, 13 lagun elkartu ziren Aramaion, 30 Oñatin, 24 Atarrabian, 45 Berriozarren, 160 Algortan, 30 Amurrion, 54 Laudion, 45 Aulestian, 30 Sestaon, 100 Bilboko Alde Zaharrean, 45 Saninazio auzoan, 35 La Vieja auzoan, eta Donostian, aldiz, 100 solidario eta 30 lagun elkartu ziren. Derion, ostera, Ertzaintza bertaratu zen kontzentrazioa eragoztera eta izandako ika-miken ondorioz pertsona bat ospitalera eraman behar izan zuten.

Mehatxuak
Ricardo Saenz de Ynestrillas eskuin muturrekoak, www.ynestrillas.blogspot.com helbide elektronikoan, Iñaki de Juanaren aurkako mehatxuak jarri ditu. Epaiketan ere zuzenean mehatxatu zuen.
«Nik diotsut"
«Administrazioak ez du askorik itxarongo arratoi hau askatzeko. Baina eskuak burura eramaten lehena De Juana bera izango da, norbaitek, merezi onez, segundo bat lehenago leherrarazi baino lehen. Nik diotsut: seguruago zaude espetxean".

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo