Euskal astea WIKIPEDIAN
Interneteko auzolana baliatuta osatutako entziklopedia askea
Euskarazko entziklopedia libreak Asteko Herrialdea izeneko «wikiproiektu" edo ekimena abiatu zuen iaz, astero-astero herrialde baten inguruan ahalik eta informazio zabalena jaso eta sareratzeko xedearekin. Astelehenean hasi eta datorren igandera bitarte, Euskal Herriaren Astea egiten ari dira, eta hainbat eduki osatzea proposatu dute. Gainera, jendeak Wikipediari buruz gehiago jakin dezan eta bertan parte har dezan sustatzeko ere baliatu nahi izan dute.
Haritz RODRIGUEZ | DONOSTIA
2000. urteko martxoaren 9an Nupedia izeneko entziklopedia askea jaio zen Interneten, baina, Wikipediak ez bezala, jakituria iturri hark ohiko hiztegi entziklopedikoen egitura zuen. Hau da, «adituek» hartu zuten Nupedian idazteko ardura. Sarrera bakoitza argitaratu aurretik, jakitun talde batek aztertu, berrikusi eta onartzen zuen. Bi ideia nagusik bereizten zuten entziklopedia «konbentzional»etatik. Alde batetik, bertako edukiak askeak ziren. Alegia, edonork erabil zitzakeen ohiko egile eskubideen gainetik. Bestetik, sarean zegoen zintzilik, eta horrek tamaina eta edukien inguruko mugarik ez izatea ahalbidetzen zuen.
Ohiko entziklopediek darabilten lan moldea bere egin izanak, ordea, Nupediaren edukiak berritzea asko moteldu zuen. Urtebeteren buruan, artikulu kopuru urria argitaratu zuten entziklopedia aske aitzindari horretan.
2001eko urtarrilaren 10ean Nupedia betiko aldatuko zuen gertakaria jazo zen. Bertan lan egiten zuten editoreetako batek ideia berri bat plazaratu zuen web orrialde hartako eztabaidagunean. Wiki bat irekitzea proposatu zuen, tresna horren filosofia Nupediak bere egin zezan. Wiki bat edonork bere ekarpenak egitea ahalbidetzen duen web tresna da. Iradokizunak kritika ugari izan bazuen ere, proposamena egin eta bost egunera jaio zen ofizialki Wikipedia entziklopedia askea.
Hasieran Nupediaren hazkundea bultzatzea helburu bazuen ere -Wikipediako edukiak aditu talde batek aztertu ondoren entziklopedia hartan argitaratzeko-, erredakzio taldeak laster baztertu zuen ekimen berria, eta Wikipedia bere ibilbidea egiten hasi zen, lotura guztietatik aske. 2003. urtean Nupedia saretik at geratu zenean, hala ere, bertako edukia Wikipedian barneratu zen, betiko.
Hastapenean Wikipedia ingeles hutsez garatutako entziklopedia izan bazen ere, berehala hasi zen jendea beste hizkuntzetan ere idazten. Lehenengo urtean, 20.000 artikulu zituen 18 hizkuntzatan. Gaur egun, sei milioi artikulu baino gehiago ditu, 250 hizkuntzatan idatzita, eta Wikimedia Fundazioak kudeatzen du.
Wikipediaren helburua, bertan azaltzen denez, «doako entziklopedia fidagarria» osatzea da. Gainera, «nazioarteko ekimena denez, ahalik eta hizkuntza gehienetan idaztea ere» du xede. Jimmy Wales proiektuaren sortzailearen hitzetan, «kalitate oneneko entziklopedia askea sortzeko ahalegina da, munduko edozein erabiltzaileri bere hizkuntzan zuzendua».
Wikipediako edukiak GNU Free Documentation License (GFDL) lizentziapean argitaratzen dira. Horregatik, edozein pertsona libre da bertako edukiak sortu, aldatu eta partekatzeko. Hala ere, badira salbuespen gutxi batzuk: Hainbat irudi eta soinuk ez dute erabilera librea. Gainera, badago Wikipediari baldintzapean eman eta partekaezina den materiala. Hala ere, edukiaren gehiengoa GFDL eta creative commons lizentziapean argitaratzen da.
Egun, zerbitzari nagusiak Floridan daude eta Seulen nahiz Amsterdamen bigarren mailako beste makina bana dauzkate.
Euskaraz idatzitako lehen artikulua, Wikipediako estatistikek azaltzen dutenaren arabera, 2001eko abenduan gaineratu zuten: «Literatura» izan zen lehen sarrera. Hurrengo urtean, bi sarrera soilik erantsi ziren euskaraz. «Johannes Kepler», «Tycho Brahe», «200. urtetik 250. arteko kronologia», «Afrika», «Kimika», «Sare lokal», «Nafarroako erregeen zerrenda», «Historia» eta «Esperanto» izan ziren hasierako erabiltzaileek gaineratutako lehenengo artikuluak.
2004. urtera ailegatu arte itxaron behar izan zuen euskarak Wikipedian jauzi esanguratsua egiteko. Urte hartan 44 artikulu inguru gaineratu ziren. Hortik aurrera, euskarazko Wikipediak gorakada handia izan du, eta gaur egun 16.000 sarreratik gora ditu. Etengabe handitzen doan zenbakia.
2006. urte amaieran, Asteko Herrialdea izeneko «Wikiproiektua» jarri zuen abian euskarazko Wikipediak. Ekimen horren bitartez, astero-astero herrialde baten inguruan ahalik eta informazio zabalena jaso eta entziklopedian eranstea da helburua. Somalia, Iran, Letonia, Argentina, Australia, Siria, Norvegia, Guatemala eta Kenya izan ziren lehenengoak.
Euskal Astea
Aurten ekimena errepikatzea erabaki dute eta urte osoko egutegia osatu dute. Iragan astelehenean hasi eta datorren igandera arte, Euskal Herriaren Astea egiten ari dira. Horrekin batera, gizarteari Wikipedia ezagutarazteko Euskal Astea baliatzea erabaki dute.
Jendea parte hartzera animatzeko, Wikipediako arduradunek txosten bat osatu dute. Bertan, Euskal Herriari buruzko artikuluetan dauden hutsune nagusiak zerrendatu dituzte, nahi duenak horiek osatzeko ardura har dezan: sozioekonomia, demografia, geografia, industria, azpiegiturak, herrialdeak, udalerriak... Blog bat ere sareratu dute: «Web 2.0ean oinarritutako metodologia sozial honetaz baliatuz euskarazko entziklopedia baliotsu eta garatuena sor dezakegula uste dugu».